Lehengo astean karreratik irten eta ezagun batekin topo egin nuen.
Bloglari naizela eta ez naizela, adarra jotzen hasi zitzaidan.
Erantzunak nonbait ez dira webgunean bakarrik gelditzen. Astapistola
xamarra da berau eta builan ari zenez beste lagun bat gerturatu
zitzaigun. Honek ere ordurako blogen berri bazuen. Zalantza bat zeukan
ordea: nire atalaren izenak, dikazkan hitzak, zer esan nahi ote duen.
Gure etxean beti entzun izan dudan hitza da dikazkan. Txikitan
ikastolatik etxera merienda bila joaten nintzenean gure ama
sukaldean josten egoten zen Kostaldeko trena irratsaioa entzunez. Hori
bakarrik zegoenean. Beste aukera, nire arrebak esaten zuen bezela, gaur
bai anbientie!, hau da, gure sukaldean ama eta bere lagunen
batzuk josten egotea dizkazkan aritzen ziren bitartean. Batzutean Mª
Anjeles, bestetan Maipili, edota Pakita
Ikerketa txiki bat martxan jarri nuen eta inguruko inork ez du dikazkan
hitza ezagutzen. Hiztegietan begiratu (Elhuyar,Lur eta interneten
Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan) eta han ere arrastorik ez. Amari
galdetu eta Maipili, bere lagunaren aita zenak erabiltzen zuela esan
dit. Karttoneneko Damianek. Haien etxean josiaz berriketan ari zirenean
Damian azaldu eta earki zaudete dikazkan esaten omen zien. Hitz egin
eta hitz egin, isildu ere egin gabe jarduten degunean dikazkan ari
gerala esan nahi du. Jatorria zein duen, auskalo!
Adibide bat besterik ez da hau. Hitz eta esateko era mordo bat galtzen
ari dira. Altxor bat daukagu gure zaharrengan eta zaintzen ez baditugu
beraiekin batera joango dira denak.
Hau gutxi balitz erderakadak gero eta gehiago entzuten dira gazteen
artean. Ia behingoz quedatzeaz aparte hitz zaharrak erabiltzen hasten
zareten!