Daltonikoa naiz

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2005ko aza. 6a, 00:11

Bai, halaxe da. Jaiotzez daltonikoa naiz. Jaio eta segituan ez zidaten ezer antzeman, baina zelai marroiak eta kaka mokordo berdeak marrazten hasi nintzenean gure amak belaxe igarri zidan. “Hau gure atte bezelakue zetorren” esan omen zion ahizpa bati.

Attittek herentzian utzi, amak nahi ez eta niri laga didan altxorra da daltonismoa. Zenbait kolore bereizteko edo antzemateko ikusmenaren ezintasuna. Edo abilezia.

Jendeari kontatu izan diodanean denak, inor ere ez da libratzen, denak galdezka hasi ohi zaizkit “hau ze koloretakue ikustek?, eta beste hau?, eta hango hure”. Inork ez nau ulertzen. Esplikatzen saiatzen naiz. Era batera. Bestera. Ezta hala ere. Gutxi batzuk badira ordea ulertzen nautenak, oso gutxi eh: daltonikoak direnak.

Sarritan bururatu izan zait beste denak ote diren gaizki ikusten dutenak, eta gu ondo ikusten dugun bakarrak.

Hor bukatuko balitz ezintasuna bale. Baino nire kasuan urrutiago doa. Ume-umetatik beste daltonismo mota bat badaukat. Futbola ikusi ezinarena. Koadrilan 15etik ni izan naiz futbola ikusi ezin izan duen bakarra. Saiakera batzuk egindakoa naiz, baina alperrik. Geroxeago bakarren bat pasatu da nire ekipora.

Zahartzen ari naizen neurrian, gero eta konbentzituagoa nago, nire lagunak direla xelebreak eta ez ni. Ze mundu egiten duten baloi baten inguruan! Hala dabil gero mundu hau. Baloia bezela. Oraintxe alde batera, hurrena bestera. Norabide jakinik gabe. A ze nolako mundua! Biribil- biribila baina haizez betetakoa!

Bestela zeuok esan: zer irizten  ote diozue?

  • Joan den astelehenean Gernikara festara joan eta eguerdian lagun bati mugikorrera mezu bat: tiriri-tiriri: Clemente berriz ere Athletic-era. Nafarroan oporretan zegoen anaiak bidalita. Entzun behar izan zituen nire lagunak… Ez nintzen ixildu. Anaia urruti zegoelako, bestela hark ere bai. Nire lagunak beste lagun bati berriaren berri emateko beste mezua. Atlhetic-ekoari.
  • Gernikatik bueltakoan autoan irratia ipini eta hamarretako partean Radio Euskadiko albistegiko lehen albistea: Clemente… Soriako kartzela batean bi presok beren buruaz beste egin zuten egun berean.
  • Koadrilako bi behintzat bai, beraien ezkon bidaian hotelera joan eta Canal Internacional edo horrelako zeoze bilatu behar Realak zer egin duen jakiteko. Aurkitu ezean etxera telefono deia. Earra biajie! Emazte gaixue.
  • Partiduak ez al dira 90 minutukoak izaten? Gure koadrilan ez. Gureei osteguna iristen zaie igandeko partidua amaitzeko. Batzuetan prorrogak izaten dira hala ere. Lagun artean dikazka pixkat egitera irten eta …Adios! Txarrena, bata bestea baino egoskorragoak direla eta maiz erdi haserretuta bukatzen dutela gainera. Eta bitartean ni ixil-ixilik. Jokoz kanpo. Begira eta entzun. Zirkua. Hori dela eta ostegun askotan beste plan bat egiten det edo etxean geratzen naiz soziedadera joan beharrean.
  • Ez dakit nolatan ez diren gehienak penaltitik ezkondu.
  • Zenbat parre egin izan didaten antzerkia ikustera joan naizenean…
  • Ostegunerako hau irakurtzen badute, derbia egongo da: denak nire aurka.

Kontrakoa badirudi ere futbolaren aurka, kirol bezela hartuta, ez daukat ezer. Bere inguruan sortu den gehiegikeriako munduaren kontra berriz dena. Ni osoa.

Hau ere attittek utzitako altxor bat izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide