Udazkena

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2005ko aza. 19a, 00:11

Zerri buruz idatzi ber diat aste hontan? Astie aurrea ziek…

Gurasoen etxera nindoala aszentzoran batekin topo egin, ta nola ez, eguraldi kontuetan hasi ginen. “Noiz atertu ber oteik? Martxa hontan usteldu eingo gaituk! Hau al dek ba mixeriye!”. “Eztek hainbesteako. Oin arte egualdi ear askuek euki ditxiau.” Esan nion baretu zedin.  Bakoitza bere lekura ailegatu ginenean, agurtu ta… lixto, aste hontan  udazkenai buruz.

Bete-betean udazkenean gaude. Hitz baten udazkena deskribatu beharko banu, erori hitza aukeratuko nuke. Udazkenean, uda erori eta ezkutatu denerako, negua gainera erori zaigu. Hala ere udazkenean, urteak joan eta urteak etorri, erortzen direnak hostroak dira. Orain, hostro bustiak zapaldu ezkero geu erori eta hortzak puskatzeko arrisku galanta.

Hostroari ere errea erori zaio (edo bota arazi diote). Hostoa bihurtuz. Ez dakit zein den aldaketa horren arrazoia. Txikitatik hostroa, haundia, larogei e.a. erabili ditut. Orain hostoa, handia, laurogei esan behar omen da. Hor konpon! Horrela ez naiz hain ni sentitzen. Ta ni neu sentitzen ez banaiz, malo. Ez det uste horregatik euskeraren kontra noanik.

Historian zehar gertatu diren bestelako erortze asko ere udazkenekoak dira:

  • 1492an ala moduzko batzuk Ameriketako indioen gainera erori ziren, betirako haien pakea hautsiaz. Ondorioz gurea ere bai.
  • XVIII eta XIX mendeetan dexente sute izan omen zen Azpeitiko etxe eta basoetan. Xinisten ez duenak Azpeitiko Efemerideak liburua irakurri dezala.
  • 1929an ostegun beltz baten Wall Street-eko burtsak kraskatekoa izan  zuen. Latza. Dena behera. Akzioak, dirua, ohorea, bizitzeko gogoa, ilusioa. Poltsa ximur asko ondorioz.
  • 1975ean, etzi egingo ditu 30 urte, ikastolara ez ginen joan. Franco hil zen. Diktadura luze bat jausi zen. Hoiek dira jauziak! 30 urte pasa dira. Iosu, zahartzen ai haiz. Gaur ikasleei egun hura nola gogoratzen dudan kontatu diet. Orduan 5 urte nituen. Nik ez nekien zein zen, baina hura hiltzea guretzat oso ona zela ondo gogoan geratu zitzaidan. Ama beraien logela garbitzen eta ni eskola orduan, etxean. Tilin-talanik egin ez genuenez bezperan eskemak puskatuta. Telebistan goizetik Francori buruzko informazioa. Hiletak eta guzti. Ni gurasoen ohe gainean dena ikusten. Gure etxean askotan gogoratu izan degu momentu hura. Oso barneratuta daukat Espainiako himnoa joaz Francoren hilkutxa alde batetik bestera eramate hura. Geroztik, etxean traste haundiren bat tokiz aldatu behar genuenean, eta hortarako gutxienez bi lagun behar zirenean, Franco, Franco… abestuz eramaten genuen Espainiako himnoaren doinuarekin. Zirkua. Beti izan(go) naiz zirku zalea. Zeoze mugitu behar izaten zenean: Oiñ e Franco-Franco ein ber aldeu?
  • 1976an Xalbador, Urepeleko artzaia, bere omenaldiko jaialdian hil zen.
  • 1980an Ortuellan gas leherketa. Eskola bat erori eta 52 hildako. 49 umeak.
  • 1989an Berlingo horma, banatzaile izatetik oroigarri izatera pasa zen.
  • 2002an Prestige ontzia, zeraman petrolio eta guzti hondoratua. Arduradunetako inori ez zaio halere aurpegirik erori.

Beste gertaera mordo bat ere gertatuko zen. Ezin, baino, denak jarri.

Artikulu luze hau bukaera arte irakurri badezu nire tranpan erorita zaudelako da. Ba akabo zureak, hori senda ezina omen da ta!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide