Luntxak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko urt. 26a, 13:01

Urtarrilean gaude eta hil honi dagokionez, beherapenetan. Gauza batzuk lehen zeuden baino merkeago erosteko aukera garaian. Batipat jantzi eta oinetakoak. Liburuak, altzariak, kotxeak, janariak eta abar. ez baitira merkatzen. Hipotekak ere ez.

Ia denok hil arteraino hotzik ez pasatzeko erropa daukagun garai hontan, joanez gero behintzat ia beti pikatzen dut eta behar ez dudan zeozerekin etxeratu. Inoiz nahi dudan zerbait merkeago erosteko ere aprobetxatu izan dut, hala ere.

Atzo, praka batzuk erosi nahian azaldu nintzen. Denda baten, orain, merkatuta ere, 120 eurotan zeuden panazko praka arrunt batzuk. Kolorea ez dakit zein zen: berdea edo marroia. Ezin antzeman. Musika edukiko zuten nonbait. A ze delitua! Nik behintzat praka batzuri ez diet horrenbesteko baliorik ematen.

Noizbait tonto eta kapritxoso jarri izan naiz ordea, eta dirutzak ordaindu jantziren batengatik.

Ba imajinatu ezazue janariak ere merkatuta egongo balira zenbat erosi-jango genukeen. Erosi behintzat bai.

Ikusi besterik ez dago luntxetan izaten dugun jarrera. Ez ezkontzetakoetan. Hitzaldi, omenaldi, jaialdi edota inaugurazio baten ondoren egoten diren horietan. Debaldekoetan. Kuriosoa.

Hilabetean jan ez bagenu bezela ibiltzen gera. Ni bai behintzat. Nire alderdi gorroia, gosetia eta basatia ere gailendu egiten dira.

Orain dela urtebete inguru, Euskalduna jauregian, beste batzuen artean, gure ikastetxeak lortu zuen 'Zilarrezko Q', kalitatearen ziurtagiria jasotzeko ekitaldian ginen. Ondoren luntxa. Ona gainera. Urdai azpiko ona, langostinoak, patata tortilak, Idiazabal ardi gazta, haragi xelebre bat, bakailaua piperrekin, izokina gaztakin eta akordatzen ez naizen beste mordo bat. Ardoa ere nahi adina. Gaueko 21:00ak aldea zen. Zutik zenez, jo batera, jo bestera. Hura gozamena! Beste enpresa bateko norbaitek bandeja hartu eta bere lankideei ematen bazien “horrek zauket arpegiye” pentsatzen nuen. Aldiz gutako batek bandejaren bat ekarriz gero eskua azkar luzatzen nuen. Lankideok elkarri begiratzen genion. Zoriontsu. Festa giroan. Ahoa bete-bete eginda. Eta pixkat beranduago tripa ere bai. Ez zen alerik ere sobratu. Ederra.

Hortan, han non zetozen pintxo gehiagorekin. Beroen txanda zen. Nik lekurik ez, baina nola utzi ba jan gabe? Esker onekoak garanez, ala! Mokadua barrura. Eta beste bat ere bai… Azkena gainera aurrekoa baino hobea zegoen. Gerrikoa zulo bat korritu eta praketako botoia askatu ezkero toki gehio. Postrerik ba ote zegoen galdetu nion zerbitzari bati. Baietz honek. Non sartu behar nuen zen kezka. Ez jaterik ez zitzaigun ezta okurritu ere. Asko edandakoan txoro haizea edukitzen den bezela, asko jandakoan ere antzeko eufori, alaitasuna sartu zitzaigun. Hango parreak! Hain da ederra jate hori!

Joan ez ziren lankideekin akordatu ginen. “Earra galdu diabe!”

Badakizue. Luntxen baten berri izanez gero kasu egin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide