943813...

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko ots. 1a, 13:02

 

Ixilune bat eta klik. Arnas hotsa eta klik. Kriston burrundaie eta klik.

Telefonoa eskegi, BA-DI-TU-ZU   BI   ME-ZU    BE-RRI    entzun eta mezuen ordez ixiluneak, arnas hotsak edo burrundaie entzutea ohikoa da. Izan ere norbaiti telefonoz hotsegin eta kontestadoreak irteten badigu, kauen! Ikaragarri zaila egiten zaigu makinarekin hitz egitea. Piiiii, hitz egiten hasteko abixua ematen digunean, hitz totelak, amnesiak eta azentu arraroak ateratzen zaizkigu. Indioen pare. Zenbaitekin parre ederrak egina naiz, eta nireekin ere bat baino gehiagok berdin egingo zuten.

Halere batzuekin hala komunikatzen naiz. Kontestadore bitartez.

 

Telefono mugikorrekin ere mezuak bidaltzen-jasotzen ditugu. Idatziak. Baino mezu asunto hau ez da berria. Garai batean usoen bitartez bidaltzen ziren. Botiletan ere bai. Txalaparta ere komunikatzeko erabiltzen zen. Gure etxean sukaldeko mahai gainean uzten genituen etxean ez zegoenarentzat (edo lo zegoenarentzat) mezu idatziak. Papertxo batean.

Behin parrandatik bueltan horrela zioen mezua aurkitu nuen: “son las 6 y todavía faltas. Mañana habrá Diana.” Hura grazia egin zidana…

Notatxoa erderaz. Lehen beti euskeraz idatzi izan zizkidaten. Nik parre egiten omen nien ordea, edo errietan, ortografi akatsengatik. “Hola al haiz? Eztiek geyo parreik eingo!” Eta harrezkero notak erderaz.

Idatzi haietako dexente gordeta ditut. Amonarenak, amarenak eta aitarenak. Balio haundia dute niretzat. Momentu onak gogorarazten dizkidate. Alaiak. Nire historia xumearen zati dira.

…biharamunean Diana egon zen. Goizeko hamaikak aldera pasillotik txarangako abestiak builan abestuz esnatu ninduten…

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide