Zergatik ez denentzat berdina?

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko mar. 21a, 10:03

Baloreak krisian dauden garai hauetan, baloreetako bati buruz dudan iritzia zuekin konpartitu nahi det. Begirunea. Errespetuari buruzkoa.

Hiztegiek honi buruz zer esaten duten ez dakit. Niretzat pertsonak pertsona bezela tratatzea da errespetua. Animaliak animali bezela. Izadia izadi bezela. Bakoitza den bezela tratatzea, alegia. Eta inor ez da inor baino pertsonago. Denak berdinak gera.

Lehen, garai batean, bata bestearekiko errespetua gauza normala zen. Esfortzurik gabe jendeari ateratzen zitzaion jokabidea. Naturaltasunez azaltzen zen bertutea. Zer esanik ez gurasoei, herriko apaizari, medikuari edo “maextrei” zitzaien errespetua. Akaso gehiegia. Inork ez baitzituen haien ekintzak kuestionatzen. Dena balekoa izaten zen haiek esana/egina baldin bazen. Zenbaitek beldurraren ondorioz errespetua ziela ere ezin ahaztu.

Orain, aldiz, orokorrean errespetua galtzen ari da. Pertsonak ez dira pertsona bezela tratatzen. Horretaz gain, mediku, irakasle, norbaitek zerbait fede onez egin arren hanka sartu badu, akabo. Direnak eta bi egingo dira ahal den diru gehiena kentzeko akusazioa egiteko. Gauzak ondo eginez gero, gaitzerdi. Oker eginez gero berriz denuntzia azkar.

Esate baterako, inoiz jarri al gera medikuena zein lan zaila den aztertzen?. Gorputz bakoitza mundu bat. Denak desberdinak. Erraza izango ez bazaie ere zeoze esan/egin egin behar aurrean daukatenari. Askotan bale. Eta batzutan kale. Denok “xegurolak” izango bagina aurki medikurik gabe ginateke.

Zein ote da honen arrazoia? Beraiek galdu ote dute errespetuz tratatzeko duintasuna?

Kirolariak dira gaur egun, errespetua dutenak. Gehiegizkoa askotan. Lehen mediku, maixu, gurasoek, apaizek zutena orain kirolariengana pasa da. Errespetua eta miresmena dituzte, pertsona bezela ez baititugu hartzen, jainko bezela baizik.

Gero eta gizarte indibidualistago batera goaz. Ondorioz hori da baloratzen dena. Geure buruaz bakarrik arduratzea. Besteak zer axola? Nola ulertu bestela lagun hurkoa laguntzea xede zutenei errespetua galdu eta beraien afizio bat lantzeko adurra dutenek irabaztea?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide