Euskadi Irratian arratsaldetan egoten den tertulia baten ari dira bata eta bestea eztabaidan. Gaurkoan denak ere iritzi berbera daukatela ematen du; halako baten ez zaio bati besteak esan duen zerbait gustatu. Berotu da, formak galdu ez dituen arren. Tonua igotzen ari da. Eta haserretu egin dela nabarmen geratu da: ordura arte zuka hitz egiten ari bai ziren. Haserrea, ordea, ezin izaten degu barruan gorde. Barruan gustura ez da egoten nonbait, eta nola edo hala kanpora atera egin behar izaten du. Hika egitean barruko amorrazioa kanporatu du. Hika erantzun bait dio. Laguna ere zipriztindu du eta harrezkero biak hika. Hika-mikan.
Etxe euskaldun askotako kontua da hau. Gurasoek sema-alabei beti zuka egiten diete. Gehienetan bai. Orain, behin pazientzia galtzen dutenean ebai-ebai eingoaut!; noiz ikixi ber dek esandakue eiten?; harrapauko hau habillen bidiek; nik harrapatzen ba haut..!; txiki-txiki eingo haut!; bazkaltzea jaiki berkoek ba, eztek ba egun guztiye oihen sartuta eotie pentsauko!; hurrena lenuotik atea hitzak kontuek etabar luze bat.
Anai arreben artean ere berdin
Nik bakarrizketan asko jarduten det. Beti hika zuzentzen natzaio neure kontzientziari (edo barruko Iosuri). Bai onerako eta bai txarrerako.
Irakasle lanetako aurreneko urteetan Euskerako klaseak ematen nizkien erdaldun batzuei. Euskerarekin zailtasun dexente zituzten batzuei. Nik batuan hitz egiteko trebezia gutxi, eta azpeitiarrera ateratzen zen nire ahotik maiz. Noski, tutik ez zutenez ulertzen eso que es hika? Es que hablas en kaxero y no te entedemos...