Azkoitiko plazan udalak duen erakusketa gunean Martuteneko espetxeko preso batzuk egindako zenbait artelan, koadroak eta zeramikak batik bat, salgai daude. Joan zen urtean Azpeitian egin zen erakusketa. Horrela urtero lekuz aldatuz azken 3 urteotan. Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako Espetxe Pastoraltzak antolatuta. Herenegun goizean niri tokatu zitzaidan bertan zaindari eta jendea atenditzen egotea.
Gutariko batez aparte, zabalik dagoen orduetan erakusketan egoteko, Azkoitiko udalak pertsona bat kontratatuta dauka. Hau da, egoten diren erakusketa denetan, jai ta aste, bai Gobernuz Kanpoko Erakundeenak izan, bai artista batenak, bai eskola bateko umeenak han egoteaz pertsona bat arduratzen da. Erakusketa hoientzat kartelak egin eta kaleetan jartzeko ardura udalak bereganatuta du.
Kultura mailan sortzen eta egiten lanak erakustera eraman eta zabaltzeko bide aproposa. Horrela, datorren urtera begiratuz iadanik ez omen dago erakusketak lokal hortan egiteko tarterik. Izango dute, beraz, azkoitiarrek edo nahi duen orok, arte lan desberdinak ikusteko aukera.
Gurean, Azpeitian, alegia, oso bestelakoak dira kontuak. Lehen erakusketa gehiegi izaten ez bazen ere, orain askoz ere gutxiago. Antxietari Kutxak beste erabilpen bat eman dionetik, Betherratan oso noizean behin bakarrik ikusi daiteke zeoze. Udalak, gainera, berea ez den erakusketetan ez du inor jartzen zaintza-atentzio lanak egiteko. Ezta kartelak egiten lagundu ere.
Lagun batek aspaldi esaten zidan, kopiatzea zilegi zela, balekoa dela, beti ere kopiatzen den hori gauza-ekintza ona baldin bada. Azpeitiko udalak gai hontan Azkoitikoari zer kopiatua badu. Baibe?