“Zapatuan aita izan nintzen”

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko urr. 18a, 20:10

Egun hauetan Kutxidazu… filma ingurukoen ahotan dabil. Liburua irakurtzen ikaragarri ondo pasatu nuen. Bi alditan. Antzerkia ez zitzaidan gehiegi gustatu. Pelikula ikusten gozatu egin det. Nahiz eta liburuan ez dauden pertsonai berriak sartu eta detaileren bat soberan egon, oso gertukoa egin zait. Identifikatuta sentitu naiz askotan, bai kalekume bezela, baita baserritarrekin ere. Beraz, neure buruari parre dexente egin diot. “Aita” izan nintzeneko une hartaz akordarazi nau…

Orain dela 3 urteko martxoa zen. Zapatua. Lagun baten baserriko maiorazkoa ezkontzen zela eta ni baserriaren kargu geratu nintzen, Tolosan. Erreka baserrian. Behiz betetakoa berau. 100 burutik gora zituzten. Esnetakoak. Gutxi bakar batzuk haragitakoak.

Goizeko 11ak aldera ikuiluan sartu eta azpiak egiteari ekin nion. Hura zen kaka pila! Palaka bat karretilara. Beste palaka. Beste mordoa. “Aste osoko kakak utzi al zixkibek ala?”. Karretila bete eta silorantz. Bidean harri ttonttor batekin estropezu egin eta karretila irauli. Kaka! Dena lurrera. “Kalekunie haiz ba!”. Palarekin dena jaso “hau dek berue, izerditan nitxiok” eta silora. Beste karretilakada…

Aldemeneko ikuilura gero. Han azpiak automatikoki egiten dituen makina bat zegoen. Egin beharrekoa  arrastaka zetorren tramankuluari oztoporik ez egiteko behiak mugiaraztea zen. Han ibili nintzen makila hartu eta builaka. Behi artean. Ni baino altuagoak ziren behien artean. Bat kieto. “Benga, muitu hortik!” ta makilakin dale! Begirazun  ilun batekin begiratzen zidan “ostikoz jotzen banatxik…” Lanixa puntu batekin kaso egiten zidala ikusitakoan.

Goiza han joan zen. Kaka artean.

Bazkaldu. Dena prest utzita nuen. Banketea. Baino bakarrik. Bazkalondoan atzera berriro ikuilura. Jana ematera. Bai belarra eta bai pentsua. Sardearekin nenbilela Aitor etorri zen. Aitor, nekazal ikasketak egiten ari zen mutil gazte bat zen. Bion artean lanak moldatzekotan etorri zen. 7rak aldera behiak jetzi beharra baikenuen. Bezperan izan ginen nola jetzi ikasten. Zortzinaka sartu behar ziren hortarako prestatutako tokira. Titietan iodoa eman, desinfektatzeko. Tetinak sartu… eta botoiari sakatu. Bukatutakoan beste iodo klase bat eman eta lixto. 4 behi alde batean  eta 4 bestaldean. Gu erdian. Metro bat beheragoko lubaki antzeko batetik, lanean. Nire txuletatxoa egin nuen: 87a antzua da, 93ari atzeko ezkerreko hankan  indiziyue sartu, …

Behiak jetzi bitartean izugarrizko txixa errekak egiten dituzte. Gu, gainera, haiek baino beherago egonik zipriztinak aurpegira ere iristen ziren. Nik lehenengoak diximuloz kentzen nituen. Su garrekin erretakoan  bezela salto txiki bat ere jotzen nuela usten det. “Hau dek kaleumie!”. Behin bostgarrenetik aurrera ikararik ez.

Kontu kontari egon ginen eta berriz ere ikuilura. Kakaz beteta zeuden. Goizean lanik ez nuela egin zirudien. Hori kaka egin beharra! “Ba egunien 60 bat kilo eingoituzte txixa ta kaka artean” esan zidan Aitorrek.

Hortan, behi batek urak puskatu zituen. Bezperan esan zidaten behi bat umea egiteko zorian zegoela. Ba noiz okurrituko erditzea eta zapatuan. Badaezpada ere albaitariaren telefono zenbakia utzi zidaten etxekoek. Beraien mobillak ere bai. Lehenxeago deitu berri ziren nola genbiltzan jakiteko. “Oin nola molestaukotxiau ba. Ointxe postrien eongoituk ta”. Ez genien hots egin. Ez dakit zeba albaitariari ere ez.

Behia etzanda zegoen eta ni begira. Emozio arraro batekin. Txahalaren arrastorik ez zegoen eta lanean jarraitu genuen, tarteka behiari bixita eginez. “Behin denbora bat pasaz gero probokatu egin behar izaten omen dek bestela akatzeko arriskua egoten dek” Aitorrek. “Ze eingozoau betenayuei hotsein?”  Ni intentziyo onenarekin bizkarrean igurtzi batzuk ematen hasi nintzaion behiari. Hau beldurtu eta zutitu egin zen. Egin ahalak egin eta ezin izan genuen etzatea lortu. “Hola nola erditukoik ba?” “Bai moteil. Zutik askotan erditzen ditek behiak” “Hik behin ere erditzen lagundu al dek? Ze nik pelikula baten bakarrik ikusi diat” “Bai behin egon nitian baserri baten” Aitorrek. “Behin bakarrik?”.“Moldauko gaituk”. Hortan hasi zen erditzea. Tente. Behia eta gu. Hankak azaldu ziren. Baina atzera berriz barrura. Eskuekin eusten genion baina labaindu eta barrura. Horrela hiru-lau bat alditan. Soka bat ekarri eta hanketan lotu genion txahalari. Soka tira ematen zuen. Nuarbekoei ere irabaziko nien neukan intentzioarekin. Gauza zailtzen hasi zen. Luzatzen. Nerbioso jarri ginen. Halako baten burua atera zuen. Behiak tente jarraitzen zuen. “Bale dek. Nik tire eingozoat eta hik hartu zak besoetan “ esan zidan. Eta halaxe, azken tirazoa eman eta nera besoetara etorri zen txahala. Ume bat eukitzea zer den ez det oraindik probatu, baina momentu hartan aita sentitzen nintzen. Ama artean tente.

“Zer dek urrixa ala ordotsa?” “Eeeeeh?” “Urrixa ala ordotsa den txahala?” “Zer dek hori?” “Harra ala emea den”. “Ah. Harra”. “Biziyen enian aitu…”

Amari miztuaz txahala garbitu zezan gerturatu genion. Bere esnea ere oso ona zuela eta eskuz jetzi (nei uzteko esan nion. Saiatu egin nahi nuela. Hain gustura nengoen segituan asmatu nuela) eta txahalari eman…

Berahala zutitu zen txahala eta ibiltzen hasi…beste behiak jetzi…

Kabitu ezinik etorri nintzen Azpeitira gauerdi aldera. Dena ondo atera zen. Irteteko asmorik ez nuen hasera batetan, baina dutxatu eta derrepentean kalera gertakizuna lagunei kontatzera. Neka-neka eginda nengoen arren.

Astelehenean gela baten “zapatuan aita izan nintzen” esan nien. “Ikusten! Esaten nian nik ezkonduta zegoela!” “Bai zera, Iosu zea egongo dek ezkonduta!”

Gero zapatukoa azaldu nien. Ez nuen klase haundirik eman egun hartan.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide