Egia da. Ni ere hil egingo naiz. Zuek hil egingo zerate. Denak hilko gera. Aste hau bezelakoetan gutaz oroituko dira baten batzuk: haiek ere hilko dira
Oso gogorra egiten zaigu hau entzutea, baina ziurtasun osoz esan daiteken gauza bakanetakoa da.
Garai batean sexua tabu zen bezela, gaur egun heriotza bilakatu da tabua. Pentsatu noraino itsutu geran denoi gertatuko zaigunari bizkar ematen diogula.
Inork ez du horri buruz hitz egin nahi. Ondorioz sufrimenduari buruz ere ez. Ukazio hortan biziz gero hiltzen ez omen degu asmatzen. Hilzorian gaudenean heriotzaren etorrera onartu ezinean egoten omen gera. Asko sufritzen omen degu.
Eta beldurra kentzeko era bat behintzat hitz egitea da. Barruko kezkak, jakin minak askatzea. Konpartitzea. Kontzientzia hartzea.
Aste hontako elizkizun baten, apaizak, bizitzen dakienak hiltzen ere asmatzen duela zioen.
Joan zen urtean Heriotzaren Pedagogia ikastaroa egin nuen Udako Ikastaroetan. Patxi Izagirrek zuzendua. Hi zoraute hao, Hi morboso bat haiz, Buaj!, izan ziren jendearen erreakzioak. Ikastaroaren helburua Heriotzari buruz kontzientzia hartzea, hala, bizitza era konszienteago baten bizitzeko.
Orain artean egindako ikastarorik onenetakoa izan zen (eta batzuk egina banaiz eh!). Bertan, zer pentsatu asko izan genuen (momentuan eta ondorenean). Parre egin genuen. Negar ere bai. Sufrimendua ikusi egin genuen. Amaieran, halako barruko bake bat geratu zitzaidan,ordea. Ona benetan. Ikastaro hau egitera gomendatzen zaituztet. Denok.
Nere heriotzari ez diot batere beldurrik. Bizitza benetan bizitzen saiatzen naiz. Sufritu behar denean sufrituz. Eta azken arnasa hartu behar dudanean, auskalo! Akaso gai hontan orain arte landutako denak ez dit ezertarako balioko. Baina nik baietz pentsatzea nahiago det. Hala sinisten det gainera. Gero datorrena
Hil eta gero berriz, hilerrira. Nigatik, probetxuzko gorputz atalen bat besteentzat utzi eta artean ere zerbait geratuz gero, izara baten bildu eta lur azpira. Zertarako ba hainbeste harri dotore. Dirua hor xahutu ordez banatu dezatela behar haundiagoa dagoen lekuan.
Bitxikeri bezela, kontraste batekin bukatuko det. Aurreko urtean Argentinako hiriburuan, Buenos Airesen ikusitako hilerri bat, orain baino garai hobeetan egindako panteoiz beteta, batetik. Kontu egin panteoi bakoitza famili batena dela. Mauritaniako hilerri bat, bestetik. Harri xume batzuekin osatua (nire ustez nahikoa).
Ondo bizi!