Istanbuleko antenak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2007ko mar. 13a, 23:03

A-8 autopistan Zarauzko ordainlekua pasa eta Donostiaruntz abiatzear nago. Eguna esnatuz doa eta aurrean ikusten diren mendien atzetik zerua gorri-gorria argitzen da.

Juxtu ordainlekuaren aurrean geratzen den aurkitzen den mendian 4 edo 5 antena daude. Telefono mugikorrentzako antenak seguru asko. Jarrita dauden posizioagatik eta mendiak duen itxuragatik Istanbulen nagoela sentitu dut kolpetik. Mendi tontorrak mezkita bateko kupula dirudi eta antenek minareteak.

Orduantxe beharko zuen harek ere! Telefonoa joka hasi ez zait ba! Istanbuletik Zarautzera itzularazi nau. Turkiatik A-8ko  errepidera.

Bat-batean turkiar ametsetik, bati gertatu zitzaion amesgaizto batetara erori naiz: orain dela urte batzuk baserritar bati antenak bere lurretan jartzeagatik pare bat milioi pezeta eskaini omen zizkion telefono mugikorren enpresa batek. Baserritarrak familia bildu, eskaintza ondo aztertu eta buelta asko eman ondoren ezetza eman zion telefono konpainiari. Ez zen fidatzen. Bateko ondak, besteko terrenoa txikitu…diru horren faltan ez zegoen eta behin erabakia hartu zuenean gainetik pisu haundi bat kendu zuen.

Pasatu ziren aste gutxi batzuk eta non ikusten duen antena erraldoi bat aldameneko baserritarraren lurretan bere sorotik pare bat metrora! Muga-mugan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide