Hilabete hontako igandetan, leku batzuetan zapatuetan ere bai, Jaunartzeak ospatzen ari dira. Kristau bezela bataioen ondoren egiten diren ospakizunak. Jaunartze hauetako batzuetan, ezkontza askotan bezela, elizako paxarari kasu haundirik egin gabe geroko festan finkatzen da atentzio dena. Berez duten esanahiaz ahaztuz festa eta opariei ematen zaio garrantzia.
Garai batetik hona jeitsi egin da Jaunartzea egiten duten haurren kopurua. Kristauen proportzioa gutxitzen ari den heinean, ondorio lojikoa da kristau ospakizunak ere jende jende gutxiagok burutzea.
Gutxitu ez dena, nunbait, ospakizun kopurua da. Famili askok ospakizunak egiten bait dituzte, opari oparo eta guzti, ezer ere ospatzeko egon ez arren. Beste era batera esanda, Jaunartzerik egin ez dutela ospatzeko.
Askatasun zalea izaki ez naiz inor ze festa egin daitezken eta ze ez inposatzeko. Nahikoa arrazoi da gogoa izatea jatordu ear bat egin eta opariak egiteko.
Tristea iruditzen zait, aldiz, besteek Jaunartzea egitea izatea hortarako arrazoia. Gureak gutxiago sentitu ez daitezen, geuk ere ospatzea. Konplejurik geratu ez dakion gureari, elkartzea. Inbidiak barrutik jan ez dezan engainatzea. Umea engainatzea baita azkenean.
Bizitzan aukera asko hartu behar izaten ditugu. Batzuetan gehiengoaren bidetik aldentzen direnak. Bide bat hartzeak beste bideak alde batera uztea suposatzen digu. Batzuetan bakarrik ibili behar izatea. Ustez hobea delakoan hartzen degu bide desberdin hori eta bakardadea astuna izan daiteke. Baina desberdina izateak prezio bat du. Esfortzu bat eskatzen digu. Gogorra da. Gure norabidea jarraitzeko indartsu egotea ezinbestekoa da, eta gaur egun, umeei indar hori nola atera ez garela ondo erakusten ari pentsatzen det. Errealitatea aurrezten diegula. Gauzak lortzeak esfortzu bat berekin dakarrela ezkutatzen diegu. Eta oker gabiltz. Intentzio onenarekin egingo degu. Umea sufritzen ez ikusteko. Baina oker gabiltz. Barrutik indarra ateratzeko gaitasunik ez dute lantzen horrela eta oztoporik txikienean etsi egiten dute gero. Gatazka eta arazo bat konpontzeko giza baliabiderik gabeko pertsonak hezitzen ari gera. Borondate onarekin zeoze egiteak ez digu emaitzak onak izango direnik ziurtatzen.