Hori da bota beharra! Goitik. Ezkerretik. Eskubitik. Baita errebueltak eginez ere. Eguna joan eta eguna etorri euria. Eta euria. Eta euri gehiago. Izan ere eguzkiak, urte hasieratik behintzat, ordu extra asko sartu ditu. Negua udaberriarekin nahasteraino. Baino denok geure muga bat badegu, behin pasatuz gero pott egiten deguna. Bertara arrimatzen ari geranean gorputzak abisua ematen diguna (eta askotan abisu horri kasurik egiten ez dioguna). Eguzkiak aurtengoan bere muga pasatu du eta estresak jota geratu da. Eta negarrari eman dio. Etengabeko negarrari. Euri malkoekin gu bustiaz.
Izan ere Euriborra mugarik ez duen igoeran sartua da. Etengabeko errekorrak hautsiz (goikoak) dabil. Eta horrek sortzen dituen alergiak polenarenaren aldean larriak dira. Begiratu bestela, eguzkia ere kaltetuta utzi baitu. Ez ote da behintzat etxea ordaindu ezin duelako beste galaxiaren batera joango
Beste asko ere estresak jota oporretan izan gera Aste Santuetan. Deskonektatzeko. Atseden hartzeko. Bazter berriak ikusiaz gure arazoak ahazteko Emaitza, aldiz, ez da beti batek desio zuena izaten. Zer eraman erabaki ezinak sortzen duen estresa (gero erdirik ere erabiliko ez degula jakinda ere), ataskoak, atasko gehiago, aireportutan ordu galduak, lekuan aurkitu ezinik galtzeak, haserreak, maleta galtzeak, lo gaizki egin doble nekatzeak, bidailagunekin xextrak, eta non izan geran arabera eguraldia txarra, kanpinetan tximu egiteak... Berriro lanera hasi behar eta, diru mordo bat gastatu eta pilak agortzeko zorian. Zorioneko atera beharra!
Era horretara berriz ere hasiko da estresatutako jendearen kopurua. Eta Euriborrak goraka jarraitzen badu, are gehiago. Horrela gaudenean, estresatuta alegia, onena etxean geratzea dela deritzot. Etxean geratu eta ezer ere ez egitea. Ezer ere ez. Jan, lo eta egon. Bakarrik, familiarekin edo lagunekin: egon. Kanpoan topatu nahi dena lasaitasuna eta pilak kargatzea bada behintzat, etxean bezela inon ez delako betetzen nahi hori. Hori, oporretarako egun gutxi ditugunean, bederen. Denbora gehiago edukiz gero bi gauzak konbinatzea posible da. Euria eta Euriborraren gure erara ezin ditugu aldatu. Estresa bai, ordea.
- Iosu hik asko hitzein baino beti hor habil pirin paran. Bazpaere jun ta geo esatek.
- Izen e, askotan lenenguen eztitxiat ikixten gauz danak
Ia eguzkia ere udaberrian zelaiak lorez bustitzeko lain indarrekin geratu den. Gero gerokoak.