Badago gurekin ikastolan ikasi zuen pertsona bat, kalean ikusi eta kasurik egiten ez didana. Beno, berez dexente daude, baina honek orain dela urte gutxi batzuk arte beti egiten zidan. Txikitan tratu asko izandakoak gera, gainera, eta dexente nerabezaroan.
Eta ni kontuan ez hartze horrek, min ematen dit. Gutxitan ikusten gera (ze itsua ez da), eta nire ezerosotasun sentimendu hau, asko jota, urtean 8-10 bat alditan sentitzen det.
Berari zerbait egin ote diodan galdetzeko konpromisoa hartzen det kasurik egiten ez didan bakoitzean, baina inoiz ez det pauso hori ematen. Egia da beti edo bera edo ni beste batekin egotea tokatu dela eta nahiago det biok bakarrik gaudela esatea.
Gaurkoan berarekin topo egin det eta dena gaizki ulertu bat izan dela jakin degu: bera ere txokatuta zegoen nik kasurik ez egitearekin Gero esnatu egin naiz, ordea, eta dena amets bat zela konturatu. Beste batean hitz egin beharko gauzak argitzeko.
Halere, egun guztian zehar halako sentsazio atsegin bat bizitu det. Pakeak egin ditugunaren sentsazioa. Egunerokotasuna indarrez eta energiaz aurrera eramaten lagundu dit.
Momentu baten, teoria berria asmatu berri duen psikologo bat bezela sentitu naiz: gauean zehar bizitako ametsek, hurrengo egunean edukiko ditugun animoa eta kemena baldintzatzen dituztenaren teoria aurkitu duena bezela, alegia.
Gure osasunak, egoera pertsonalak, lanak, familiak eta abarrez gain ametsek ere eragina dutela gugan. Jarri pentsatzen, ametsetan gertukoren bat hiltzen zaigunean, edo oraindik ikasketak bukatzeko azterketa batetara deitzen gaituztenean (ia 40 urterekin), edo diruz betetako kutxa bat topatzen degunean, edo hegan ibilitakoan biharamunean nola sentitzen geran eta nerekin bat egingo dezute.
Orain hurrengo erronka, amets onak eragingo dituen zeoze asmatzea da.