Atzokoan Ohean izeneko antzezlana taularatu zuten Maskarada taldeko bi artistek Izarraitz pilotalekuan. Zerbait desberdina ikusteko aukera izan genuen. Zerbait desberdina sentitzekoa. Zerbait desberdinari puntuak ematekoa.
Antzezlan hau jendea motibatzen atzo baino lehenago hasia zen. Ehiza garaian gaudenez mokokada eragingarriagorik ezin zuten asmatu. Kartela. Kartelak berak halako erakargarritasun punttu bat bazuen, ikusten zuen inor hotz uzten ez zuena. Azpeitiko kaleetan ikusteak morbo ukitu bat ematen ziona. Hau ikusi berkoa! esan arazi ziona bat baino gehiagori. Eta halaxe, normalean antzerkia ikustera joaten ez den jendea ugari zen bertan. Garaiz joanak gainera. Oso.
Izan ere, hain geurea degun sexuaz emanaldi bat ikusteko aukera ematen zigun behingoz. Toki arraroetara joan beharrik gabe, eta geure ingurukoekin batera. Naturaltasunez. Inork zer pentsatuko ote duenaren beldurrik gabe. Bazen garaia!
Hasiera berde berdea zen (nahiz eta oraindik ulertu ez dudan sexu kontuek zer ikusi duten berde kolorearekin. Daltonikoa naizen arren loturarik ez diot aurkitu eta konbentzitu nauen erantzunik ere ez det entzun). Pikante pikantea (pikanteak egon ezin antzeko zirrara bat sentiarazten digu, eta atzo aurreneko zatian egon ezin disimulatu bat nabari zen publikoan. Batik bat seme alaba gazteekin joandako gurasoetan, eta hori sarrerak erosterakoan garbi jartzen zuela 16 urtetik beherakoentzat etzela).
Parre egiteko momentuak, serioagoak gero, berriro ere bero beroak eta ikuskizuna txalo zaparrada artean amaitu.
Ez da erraza izango horrelako lan bat antzeztea. Krisian murgildu garenez, aktoreek ere neurriak hartu behar izan dituzte eta mundura ekarritako trajea erakutsiz (mutila korbata ta guzti) eta gehienez galtzontzilo edo kuleroak eta emakumearen titiak tapatzeko traputxo bat jantzita azaltzea jendaurrean.
Hori dena gogotsu egiteko ez dago publikoa bezelako motibanterik. Bi katuren aurrean antzeztu edo bete-bete (eta bero-bero) dagoen antzoki batean egin alde ederra badago. Neure esperientziaz dakit. Publikoa urria denean gogorik jartzen ez denik ez det esanahi. Baina askoz esfortzu haundiagoa eskatzen duela behintzat bai. Asko dagoenean dena bere kasa ateratzen den bezela. Ikuslegoaren tamainak asko inporta du.
Atzokoan oso natural eta zentratuta aritu zen bikotea taula gainean. Ondo konektatu zuten gurekin. Izarraitzeko jendetzaren tamainak inportako zuen.