Aste hontan hil den Mikel Laboaren abesti batek hala dio : Zer dio isiltzen denak, isiltzen denean?
Izan ere atzokoan isiltasuna izan zen protagonista gure herrian. Alde batetik, Altuna y Uria enpresako langileek eta ELAkoek deitutako Loiolako elkarretaratzean, eta eguerdian udaletxe aurrean bildutako herritarren artean sortutako isiltasuna. Pertsona batek oihu egiten duen aldean, multzo batek egitean bolumena dexente igotzen den bezela, zenbat eta pertsona gehiago elkartzen direnean, denak isilik, orduan eta isiltasun haundiagoa egiten da. Denen isiltasunak bateratuz sortutakoa. Zirraragarria. Atzokoa isiltasunak bezelakoa.
Bestetik, ezker abertzaleko jende asko isilik mantendu zen, gustura hitz egingo zukeen arren. Bere kontzientziak Inaxio Uriaren hilketa gaitzestea eskatu arren. Elkarretaratzetan parte hartzeko gogoa izan arren beraietara agertu gabe. Zer dio isiltzen denak isiltzen denean?
Mikel Laboa haundiaren kantuekin jarraituz, beraien letratan erreparatzen badugu asteazkeneko gertakizuna ederki deskribatu daiteke:
kantuz igortzen ditut nik penak ihesi. Eta behar dudan denbora baino lehen hiltzen banaute, nere hortzetan itzaliko den azken antzia beste batenetan loratuko den lehen irria izango da.
Zai, zoi, bele, harma, tiro, pun!
"Haika mutil, jeiki hadi, uria den mira hadi."
- Bai, nausia, uria da,
Zerraldo erori haiz gure oinetan eta gorpu gogor hintzen, udazkenaren tronoan, hertsi dizkiagu begiak, adiosik ez.
adio erran gabe etxetik partitua.
Ixil-ixilik urte luzetan bizitua, eta arratsalde hotz eta euritsu batean, ia inor konturatu gabe,hila eta hobiratua izan zena.
Lanikan ezin egin lenago bezala.
Herria kaleratzen denean entzungo diezu "pakea, pakea" deiadarkatzen.
Gizonak ba du inguru latz bat menperatzeko premia
Mundua ez da era hortan aldatzen. Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
Gu ere zerbait ba gera eta gauden tokitik hemendik bertan, saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturikan, sasi zikinak behingoz erreta bide on bat aukeratzen.
Eta ametsa bilakaturik egiaren antziduri, herri zahar batek bide berritik ekingo dio urduri.
ETA: NAHIKOA DA!!! Hegoak ebakiz ez!
NERE DOLUMINAK ETA BESARKADA BANA INAXIO URIA ETA MIKEL LABOAREN FAMILIKOEI.