8, 9 urte nituela bazen gure gelan Aste Santutan bere familiarekin oporrak pasatzera Kanarietara joaten zen ikasle bat. Beltz beltza etortzen zena handik bueltan. Orduan ia beste inork ez genuen horrelako bidaiarik egiten. Mutiko honek berak, hortzetako aparatu hoietako bat zeukan. Eta gu haren inbiritan. Bokadiloa biltzeko aluminiozko papera hartu eta hortzetan jartzen genuen geuk ere, berak bezela, aparatua edukitzeko. Ahoa zilarrezkoa bagenu bezela arro ibiltzen ginen.
Krisia dela eta jende batek mokadua jan ondoren aluminiozko papera kurioso-kurioso tolestu eta atzera berriz etxera eramaten omen du berrerabiltzeko. Eta hori ez gustatzen zenbaiti: horreaino ailegatzea ere
Denbora pixkat badaramat jendearen jarrera aztertzen kontu hontan, neurea barne. Besteei xurra hotseitean gu hain mixerableak ez garela pentsatuz arro-arro ibiltzen gera sarritan. Bazegoen txikitero koadrila baten izugarrizko xur fama zuen diru askodun gizon bat. Inoiz txikitorik ordaintzen ez zuena. Berak berriz, behin xano-xano komentatu zuen txikiteora atera eta beti xentimorik gastatu gabe joaten zela etxera, denak ordaintzeko amorratzen egoten zirela eta. Eta berak utzi egiten ziela. Gustura geratzen zirela hartara. Eskuzabal itxurako jokaerak, batzuetan, besteen aurrean ongi geratzea besterik ez degula nahi ezkutatzen du, benetan barnetik pairatuz egiten ari garenak sortzen digun sufrimendua.
Nire uste xumean, gauza desberdinei ematen diegulako balioa edo gauza berdinei balio desberdina ematen diegulako sortzen da orekatu ezin hau, eta ondorioz besteei xurra hain erraz hots egite hori. Eta gauzak baloratze horrek gustuekin zerikusi haundia dauka. Ondorioz, denok gara xurrak arloren baten edo bestean.
Diru iturria mugatua degunok lehentasun batzuk ditugu diru hori administratzeko orduan eta gure eskematik ateratzen denari nola laike esaten badiogu, berak hau xurre erantzungo digu. Parranda zale bati gau batean 30, 40 euro gastatzea normala irudituko zaio eta zalea ez den bati astakeri bat. San Inaziotan korridetan 150 euro gastatzea dirua botatzea bati, eta gero berak 100 euro ordainduko ditu pilota final bateko sarreragatik, edo opera bat ikusten. Bizimodu arruntean, batzuk bezperan sobratutako ogia aprobetxatzen dutelako, kleenexak erditik zatitzen dituztelako, labadora bete arte martxan jartzen ez dutelako, telefonoz deitzen ez dutelako, markako arroparik erosten ez dutelako, aurreko asteburuko outlet azokara joan zirelako, lanera bizikletaz joaten direlako, zaborretatik artean ondo dauden altzariak hartzen dituztelako... horretako zerbait egiten duelako askorentzat bat xurra izango da. Enpresa munduan berriz, eta garai hontan oraindik eta gehiago, kostuak ahalik eta gehien gutxitzea da helburua. Eta hori lortzen duenari etzaio xurra deitzen, ez. Horri lehiakorra izatea esaten zaio.
Zer da ba xurra izatea? Nire uste apalean, baten lehentasuna, bigarrentasuna, hirugerrantasuna eta ...garrentasuna, hau da, bere bizitzako helburu denak eta bakarra dirua pilatzea besterik ez izatea. Horrek goian aipatutako ekintza denak eta gehiago egiten baititu. Sinesten lanak ematen badizkigu ere, adituen arabera jende hori bere dirua kontatuz eta nola aurrezten edo gehitzen duten kontatuz eta kontatuz zoriontsu omen da.