Kox kox! Badator urte berria ate joka, eta hemen gaude gu behatxuloko zirrikitutik begira, datorrenari so, begiak dirdirka ditugula, itxaropentsu. Zer mozorro prestatuko dut inauterietarako? Nora joango naiz oporretan? Gustatzen zaigu urtea antolatzea; gogoko dugu bizitasuna ematen duten planak egitea, irriz eta umorez egunak alaitzea.
Txikitatik gustatu izan zait paper eta bolaluma artean ibiltzea; papertegietara joateak txoratu egiten nau. Zenbat kolore, testura eta forma! Haur bat gozotegian bezala sentitzen naiz bertan, gauza ororekin liluratuta eta aukeratu ezinda. Urte amaieran ere esku artean hartzen ditut orria eta papera, eta han hasten naiz urte berrirako erronkak zirriborratzen. Bete nahi nituen ametsak idazten nituen, hala nola hara joatea, hura ikastea, beste hura ere ikastea eta abar. Gaur egungo orrietan, ordea, beste goxotasun eta bizitzeko modu bat nabari zaie nire jomugei. 2021. urtean familiarekin eta maite ditudanekin gehiago egotea izan da helburu bat, puntualtasuna hobetzea bestea. Egia da, ordea, urtea aurrera joan den heinean burutik ihes egin didala erlojuaren erronkak, maitasunarenak soilik jarraitu du tinko.
Urte honen metxa ere azken txinpartak botatzen ari da, eta bururatu zait dagoeneko 2022rako etxeko lana: irribarre gehiago egitea! Ideia honek badu bere jatorria. Ditxosozko pandemia honetan niretzat egun garrantzitsuenetarikoa izan da maskararik gabe kalera ateratzeko baimena eman zigutena. Hainbeste arau jartzerekin eta kentzerekin ez dut gogoan zer egun zen, baina giro ona zegoen, eguzkia ere etorri zitzaigun bisitan, eta lehengusina txikiaren konpainian kalera joan nintzen. Etxetik irteterako aipatu nion zoriontsu nengoela maskararik gabe kalera atera gintezkeelako, eta "Araitz, gaur denak pozik egongo dira kalean! Kontatuko al ditugu kalean zehar ikusten ditugun irriñoak?", esan nion. Erronka hura gustatu egin zitzaion, eta han abiatu ginen: "Honek ez, hark ez...". Harategira joan ginen, eta hango kristaletik kaleko bi pertsonaren irriez gozatzeko aukera izan genuen. "Honek ez, hark ere ez...". Herritarrak behatzen jarraitzen genuen. Erosketak amaitu eta Loiola aldera joan ginen kafe bat hartzeko asmotan, Inaxioren konpainian. Egun lasaia zen, terrazan egoteko primerakoa, eta guk ere indarberritzeko aprobetxatu genuen goiza, geure buruak mimatuz. Eta halako batean, han dator haurra nigana, eta hala dio: "Irati, Irati, beste bat. Hango hark irri egin du!".
Hunkitu egin ninduen esaldi hark. Nik aspaldi utzi nion jendearen ezpainetako mugimenduak behatzeari, inkontzienteki, baina berak ez. Bazkalordua urre genuen, eta goiz-goizetik hasiak ginen ezpainak aztertzen. Nola da posible goiz osoan hiru irriño soilik ikustea? Hori al da nahi dugun errealitatea? Eta guk geuk zenbat aldiz egiten dugu irri egunean zehar?
Barre egitea osasuntsua da, oso osasuntsua. Besteen irribarrea ikusteak ikaragarrizko energia ematen digu, beraz, norbere irribarre batek zenbat egunez luzatzen ote digu bizitza?
Kontuak kontu, argi dut aurten irri gehiago egin nahi dudala. Batetik, nire osasunaren mesederako; eta bestetik, irribarreak banatuz ingurune erosoagoa izan dezakegula sinesten dudalako. Eta zu, batzen al zara nire 2022ko erronkara?