Izarraizpetik

Nora begira?

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2022ko ira. 4a, 08:44

(Pixabay)

Irati Arangurenek 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Uda bete-betean gaude, eta gu ere hala gabiltza, bero eta ero. Euskal Herriak badu uda txarren fama, nahiz eta nire aburuz kontzeptu hori jantzita ditugun betaurrekoen araberakoa den. Zer da uda txarra? Nork ditu gogoko 30 gradutik gorako egunak? Nork du gustuko euri egunik gabeko garaia? Zerua lainotuta esnatzea norentzat da motibagarri? Hasi dira tomateak gorritzen, eta baratzean argi ikus daiteke euriaren eta eguzkiaren arteko orekarik gabe ezin dela bizi. Baina pertsonak garen bezalakoak gara, eta hala goaz eguzkitako betaurrekoak jantzi eta itsumustuan izpien atzetik.

Eguzkia non, gu han. Eguzkiari begira pasatzen ditugu sarri oporrak. Nora joango gara oporretan? Hondartzan nora begira eseriko naiz? Eguzkia nora, gu hara!

Aurreko guztia adibide hutsa zen. Errealitateaz jakitun bizi ote garen hausnartzeko bidea ireki nahi nuen. Nora begira bizi garen kontziente ote garen hausnartzera gonbidatu nahi zintuztedan. Nire iritziz, badira itsutzen gaituzten zenbait elementu egunerokotasunean. Baina itsu-itsuan ibili ordez, zerk itsutzen gaituen identifikatzen jakitea ere ongi legoke.

Duela bizpahiru hilabete herriko jatetxe batera joan nintzen bikotekidearekin afaltzera. Aurrez aurre eseri ginen; mahaia luzea zen, eta ondoan beste familia bat zegoen. Ez genuen mahaia elkarbanatzeko arazorik izan, beraiek lasai eta isilik zeuden, eta gu ere gure erara, tertulian. Halako batean, ordea, harritu egin ninduen familia hura mahaian jarrita zegoen moduak. Gizonezkoa eta hiru haurrak mahaiaren alde batean zeuden; emakumea, berriz, beste aldean zegoen eserita. Atentzioa eman zidan andrea bakarrik egoteak, baina hortxe amaitu zen nire gogoeta, ez nion garrantzi handiagorik eman.

Bikotekidea eta biok han genbiltzan maxixatzen, igande iluntzeko patxada aprobetxatuz kontu kontari. Ondoko familia isilik zegon, kokatuta zeuden modua arraroa zen, bai, baina elkarrekin zuten komunikazioak ere piztu zuen nire arreta. Kostatu zitzaidan, baina jabetu nintzen! Emakumearen atzealdean telebista zegoen, eta une hartan futbol partida zegoen ikusgai! Ama telebistari bizkarra emanda zegoen bitartean, gainerakoak pantailari begira ari ziren afaltzen. Eguzkiarekin bezalatsu: baloia nora, gu hara!

Ohartu ote ziren iluntze hartan dastatutako kroketen zaporeaz? Ikusi ote zuten entsaladak, tomate edo letxuga, zer ote zuen gehiago? Otordu hark gatza egoki ote zuen? Jabetu ote zen haurra kukurutxoko izozkiari eroritako tantak dastatu gabe geratu zirela? Zaletasunak behar-beharrezkoak ditugula deritzot. Bakoitzak bere gozamen momentuak izateko aukera aproposak dira, interes bereko kideak ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko primerako bideak. Baina harreman horretan balioak alboratzeak kezkatzen nau. Mahaikide haiei galdetuz gero, agian ez lukete erantzungo familian afaltzera joan zirenik; futbola ikusiz nutrienteak hartzera joan zirela esango lukete, eta lasaituko nintzateke, zertan zebiltzan kontziente zirela esan nahiko bailuke.

Zenbait adituren arabera, errealitatearen %2az bakarrik jabetzen gara; gainerako %98az ez gara kontziente. Beraz, ikusten dugun apur hori zaindu dezagun mimoz. Nire mahaiko gutiziak dastatzera gonbidatuta zaudete, baina beti ere kartetan jokatzeko gisan, aurrez aurre begietara begira. Bizitza bizitzari so!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide