Badugu gauzak bitan multzokatzeko ohitura: zuria/beltza, txarra/ona, altua/baxua. Nik ere aspalditik dut pertsonak taldekatzeko nire irizpidea. Batetik, gosariaz disfrutatzen dutenak daude, eta bestetik, goizean lo gehiago egiteko janariari muzin egiten diotenak. Non sartzen zara zu?
Ni, zalantzarik gabe, lehenengo taldekoa naiz: gogoko dut jatea. Elikatu behar delako jaten dutenak badiren arren, niretzat plazera da hori. Plateraren aurrean denbora hartzea eta gozatzea ederra da. Gaur goizean ere halatsu ibili naiz. Etxean isiltasuna zen nagusi, kanpoan, berriz, udazkeneko egun argi haizetsua; galtza motzak jantzi eta terrazan gosaltzeko primerakoa.
Hozkailua eta armairua ireki eta itxi, itxi eta ireki, atera ditut bi laranja, pomeloa, limoia, urdaiazpikoa, ahuakatea, gazta eta antxoak. Bizilagunak eginiko atzoko ogia xigortzen zegoen bitartean ekin diot zukua egiteari. Itxura txukuna hartu du mahaiak; tostadek kolore polita zuten, eta zuku freskoak ere ongietorria egin dio egunari. Tragoa batetik, hortzaka bestetik.
Lasai hasi dut eguna, baina barrua bor-bor jarri zait bat-batean. Ontziak garbitu eta jaso, soberakinak zakarretara bota, bazen zer egina. Fruta azalak bata bestearen gainean Pisako dorrearen tankeran ipini eta braust bota ohi ditut zakarrontzira. Gaur, goitik behera zihoazela, zerbaitek diz-diz egin du nire begi-bistan. Hara! Frutek izan ohi dituzten eranskailuak kentzea ahaztu zaidala konturatu naiz. Tamalez ez da lehenengo aldia, eta amorratu egin naiz. Frutek daramatzaten pegatina horiek paper jangarriz eginak izan behar dutela dio legeak, baina jangarriak izateak ez du esan nahi konpostagarriak direnik. 2022. urtean, gizarte aurreratu eta kontzienteaz bolo-bolo dihardugunean, hainbat paper eta plastiko konpostagarri eskura izanda, nolatan ez dituzte gure goiko buruargiek zenbait lege aldatu? Ziur bainaiz ez naizela fruta eta barazkien eranskailuek organikoaren ontzira ihes egiten dien bakarra.
Sentimendu bertsua izan nuen duela hiru urte, Argentinara egin nuen bidaian. Punta-puntako turisten gisan, ni ere iritsi nintzen Perito Morenora. Glaziarrerako itsas bidaiak ziren Calafateko eskaintzen artean ezagunenak; hori hala, guk ere ekin egin genion zeharkaldiari. Gustuko dut txamarra potolopean nagoela sudurra hotz sentitzea, gogoko dut natura mantu zuriz jantzita ikustea, begiko dut itsasoaz zein mendiaz gozatzea; eta Peritorako bidaia hark aukera guztiak eskaintzen zizkidan. Kranpoiak jantzi eta ibilaldia egin genuen izotzezko mendian, kraxk, kraxk, kraxk! Besterik ez zen entzuten bide osoan. Ederra isiltasuna, ederra freskotasuna, ederra paisaia; esperientzia bikaina izan zen. Bueltako ferria hartu eta herrira bidean, ordea, zapore gazi-gozoa hartzen hasi zen bidaia. Bizimodu jasangarriagoa nola eraiki ikasten ari garen garaian, urtzen ari den izotz masan krixki-kraxkaka ibilaldia egin nuela pentsatzea ere! Egun izugarria izan zen, baina nolatan eman zidaten hori egiteko baimena? Nork baimendu zuen? Edo nork ez zuen saihestu?
Txotxongiloak dirudigu. Beraiek jartzen dituzte arauak, baina gurea da ondorioen errua. Haiek eta gu.