Sarritan entzun izan dut "lo bakarrik egiten da ondoen" esaldia. Lehendabizikoz entzutean, "zergatik ote dio hori?", esan nuen neure baitan; oraindik bikotekiderik ez nuenez, pentsatu nuen bizitzan aurrera aurkituko nuela erantzuna. Noizbehinka, han edo hemen, berriro iristen zen nire belarrietara mezu bera. Bikotea izan bai, baina berarekin bizi ez nintzenez, iruditzen zitzaidan bizitzako beste etaparen batean, agian, esaldi hori ulertuko nuela. Sekula ez nintzen ausartzen zergatiaz galdetzera.
Duela urtebete, ordea, "emaztea utzi nuenean, berriro pelutxeak sartu nituen ohean!" esan zuen lagunartean batek. "Hara! Hori naiz ni! Bai, hori naiz!". Barru-barruraino iritsi zitzaidan esaldia, eta baliagarria izan zait. Zenbat ate hainbat maratila diote, eta hala jabetu nintzen bakarrik ondo lo egiten dudan arren, konpainian lo egitea berezia dela sentitzen dudala.
Amak dioenez, haurra nintzela ni esnatzera etortzean, sarritan argia sumatzen zuen izaren artean. Nire aurrenengo panpina Miki izan zen; bai, Mikie sagua. Gorputz biguna eta buru gogorra zituen, pijama urdin leuna zeraman soinean eta bularra estutzean argia egiten zuen. Aurpegia aurpegiaren kontra oheratzen baginen ere, belaunen artean estu-estu esnatzea gogoko zuen saguak, diz-diz eginez eguzki printzekin batera.
Urteak aurrera, Argi gehitu zen familiara. Ez dut sekula hezur-haragizko txakurrik etxean sartzea lortu, beraz, maskota nuela sentitzeko edo peluxe hori etorri zen. Labrador Retriever arrazako zakur kumea zen Argi, goxoa, mimo zalea, umila; ohekide paregabea. Beraz, hau ere barrura.
Gogoan dudanez, luzaroan izan ginen ohean hiru: Miki, Argi eta ni. Baina batzuetan biek bakarrik egiten zuten lo –nik amaren ondora ihes egiten nienean–. Hori ere gogoko bainuen. Nire bizkarra amaren bizkarraren kontra jarrita ametsak ederragoak ziren.
Adinean gora, ordea, zaharregia nintzela sentiarazita, kopinak ohetik atera ziren. Baina hara! Nerabezaroan, ikastolatik gaua pasatzera egin ohi diren bidaietako batean, ikaskide batek esan zuen berak pelutxea eramango zuela. Lagun gehiago batu ginen proposamenera, eta egun hartatik aurrera, kideak gehitu ziren nire ohean. Beno, kide bakarra, Mikik ordurako ganbaran egiten baitzuen lo; Argi logelako apaletik kendu eta gau eta egun oheko zaindari izendatu nuen.
Diotenez, maite den norbaitekin lo egiteak hainbat hormona isurarazten ditu. Hala nola, serotonina –zoriontasunaren hormonetariko bat–, oxitozina –atxikimenduaren hormona– eta dopamina –estresa jaitsi eta lasaitasuna dakarrena–. Gainera, izarapean trukatutako besarkaden eta laztanen ondorioz, tentsio arteriala jaitsi egiten da eta gorputzeko tenperatura erregulatzea errazagoa da. Era berean, konpainian lo eginda, loaren REM fasea gutxiago eteten da, eta horrek gure atsedena hobetzea dakar, gorputzak gauez egiten duen erreparazioaren kalitatea hobetuz. Hala, sormenean, memorian, emozioen kudeaketan eta abar eragina du.
Laburbilduz, ahal den heinean konpainian lotaratzen jarraituko dut. Bakarrik lo egin nahi duena ere saia dadila bere erosotasuna topatzen.
Gaur egun, ohatzean hiru gara, ni eta nire bi maitaleak. Sehaskan, berriz, bi: Miki eta Argi.
Eta zuk, nola nahiago duzu lokartu?
Berandu da, bagoaz begiak ixtera. Ondo lo egin.