Gustatzen zait behatzea. Eroso sentitzen naizen txokoetan bizitzari so egotea gogoko dut, hala nola mendian, itsasoan, lagunartean, edo etxeko terrazan. Informazio ugari jasotzen dut une horietan neure burua zein bizitza ezagutzeko. Badago zer ikusi, zer aztertu eta zer hobetu.
Nerabezaroan, "nolako mutilak gustatzen zaizkizu?" galdera askotan entzun nuen. Mutilei buruz soilik galdetzen zidaten, zergatik ote? Nik sekula ez nuen jakin ziurtasunez erantzuten. Hasieran, ez nekiela esaten nuen, baina lagunartean integratzeko edo, erantzunak asmatzen hasi nintzen. Nere baitan, ordea, besteen begiak gustatzen zitzaizkidala sentitzen nuen, bazuten zerbait berezia. Jakitun nintzen, jende berria ezagutzean, begiradan erreparatzen nuela lehendabizi.
Begietan zer ikus daitekeen? Iridiologo bati luzatuko nioke galdera, maite baititut beraien jakintzak. Baina nire jakinduriatik esan dezaket, begietan irakur daitezkeela isilik gordetako mezuak, senti daitezkeela atera gabeko sentimenduak eta ikus daitekeela maitasunak sortzen duen dirdira. A zer-nolako mundua kanika nimiñoaren barruan!
Nire gaurko gogoeta begietara begirako komunikazioari buruz da. Gai al gara egunean zehar topo egin dugun ororekin aurpegiz aurpegi komunikatzeko?
Hortxe ditugu pantailak. Lantokian lankideari galdera egiteko mugitzen al dut burua? Edo hark nire ondora etorri eta zerbait galdetzean, altxatzen al dut kokotxa ordenagailutik? Sakelako telefonoarekin ere berdintsu gabiltza.
Haratago noa. Gailu teknologikoak tartean ez daudenean, gai al zarete ondokoari begietara begiratzeko?
Badut etxean lau hankan ibiltzen den txikitxo bat, bi kanika beltz-beltz dituena. Begirada zuzena eta garbia du. Nik ere hala begiratzen diot. Baina adin kontua ote? Harremanak aztertuta ondorio hau atera dut: zenbat eta helduago izan, orduan eta gehiago kostatzen zaigu begietara begiratzea. Fidagaitzago garelako ote? Edo aurreiritziak ditugulako? Elkar kritikatzen dihardugulako agian? Sekretuak ditugulako bestela? Eta zu, nolako begiradekin bizi zara?
Ederra da begitik begirako konexioa ikustea, barrutik barrura ari garela sinestea, bihotzetik bihotzera. Baina hori lortzeko, barrua ikusten utzi behar zaio aurrean dugunari. Nola dio esaerak? Bihotz ireki batek ezin dio beste bihotz ireki bati uko egin, margaritek eguzkiari bizkar eman ezin dioten gisan. Gerlari moduan bizitzeko hezi gaituzke, baina geure osasunerako ez ote da hobe soinean daramatzagun geruzak askatzen joatea?
Beira taldearen abesti batek honela dio: "Beldurra hartu zienez pare bat gerlari latzi, ezpata erosi zuen eta armadura jantzi. Azaletik burdinera bi zentimetro distantzi. Armadura herdoildu da eta azalera itsatsi". Armadura kenduta hasi gaitezen bada parkeko aulki hutsetan begiradak elkartzen. Begiradetan estali ezinezko lotsak ikusi ordez, sua izan dadila sortzen dena; begiradek arima zeharkatuz ortzi mugaraino.
Gogoeta honekin jarraituko dut, nire txokotik, bizitza behatzen dudan bitartean. Erren egiten baitu. Begitik begirako jende zuria era badela otu baitzait. Politikoen begiradek ere begietara begiratzen dute.