Izarraizpetik

Udaberriko zaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2024ko api. 30a, 09:40

(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek 2024ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzia artikulua da honako hau.

Joaldunek astindu zituzten zintzarriak, eta guk "oles, oles" abestu genuen, lurra esna zedin. Guk agindu, hark egin. Iritsi da udaberria, naturak badaki eta gorputzak ere bai. Eguzkiak goxoki agurtu gaitu, eta hormonak ere hasi zaizkigu dantzan.

Badira uda lehenari ongietorria egiteko zenbait ohitura. Nire inguruan gehien entzuten dudana gibel garbiketarena da. Urtaro honetan sendabelar mingots edo mikatzak erabiltzea oso aspaldiko tradizioa da, bai hemen eta bai Europako beste eskualde askotan. Infusiotan edo janda, neguan pilatutako zikinak erauzteko erabili izan dira. Ohitura honi ekin nahi diot azken urteetan, baina haurdunaldia zein edoskitzea tarteko, depurazio hau niretzat egokia ez denez, aurtengo udaberrian neure burua zaintzeko dekalogoa sortu dut.

  1. Eguzkitan egon. Eguzki printzek larruazala nola laztantzen duten sentituz, indarberritu. Egunsenti eta ilunabarretan ere topatu eguzkia, eguna hasteko eta amaitzeko modu hoberik ez da.
  2. Elikaduraz gozatu. Jaten dudanaz disfrutatu, izan barazkia ala txokolatea. Mokadu bakoitza modu kontzientean murtxikatu, elikagaiak dastatuz eta ehunduraz gozatuz. Otordu hauetan konpainiaz gozatu, sakelako telefonoak albo batera utziz.
  3. Gorputza mugitu. Gorputza mugitzeak norbere burua ezagutzen laguntzen du, gure beldurrak zein mugak ezagutzeko bide ona da. Ipurdia altxatu, eta hankak luzatzen hasi. Oinezko paseoetan, bizikletan zein igerian gozatu; ez triatleta izateko asmoarekin, baina bai gorputza mimatzeko desiraz.
  4. Atsedena zaindu. Gorputza mugitzea beharrezkoa da, deskantsua ere bai. Gaueko lo orduak osasuntsuak izan daitezen, sakelako telefonoa logelatik kanpo utzi, lo aurreko sare sozialetako minutuak ere saihestuz. Gorputzak geldi dionean, aditu, eta jaitsi alerta.
  5. Zentzumenak piztu. Zentzumenak dira bizitza topera bizitzeko neurgailu beharrezkoenak. Oinutsik ibili belarretan, itsasoko olatuak sentitu, natura behatu, besarkadak luzatu, euriari aurpegia laztantzen utzi, malkoak atera arte haizeaz gozatu, eta abar.
  6. Harremanen garbiketa egin. Harreman osasuntsuez elikatu, benetan zure ondoan nahi duzun hori, gozoki hartu eta eman. Buruan, bihotzean zein bularrean min egiten duten hizlariak saihestu.
  7. Irakurri. Esaera zaharrak dioen gisan, jakintzak ez du lekurik hartzen, gogoa aberasten du.
  8. Arnastu. Arnasaldi kontzienteak osasunerako dituen abantailaz jabetu eta praktikan jarri, digestioa hobetzeko, tentsioak askatzeko, emozioak kudeatzeko, eta abar.
  9. Azala garbitu. Pilak kargatzeko balio didan erremedioa da hau. Sukaldeko eskukada gatzi, basokada olio eta limoi zukua gehitu. Nahi bada, olio esentzialen bat ere bai, nor bere gustura. Eta honekin burutik hasi eta hanketaraino gorputza igurtzi. Ikaragarria.
  10. Neure burua entzun. Gorputza entzun. Aurretik aipatutako guztia praktikan jartzeko beharrezkoa da barne mezuak aditzea.

Noizbait ekingo diot gibel garbiketari, bai horixe; garrantzitsuak iruditzen baitzaizkit horrelako ekintzak eta jakintzak. Baina, gogoratu, osasuna zaintzeko ez dela egunerokotasun kontzientea eta maitatua baino botika hoberik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide