Agurtzea behar-beharrezkoa deritzot. Uztarrian idatzi nuen lehendabiziko aldian, Kilikolor dendako "Kaixo eta agur ez dira inoren beldur" kartela hizpide hartuta, lerro batzuk zirriborratu nituen irakurleak agurtu eta agurtzearen beharra azpimarratzeko. Ongi konpontzen ez zaren kideari faltsukeriaz agur egitea agian ez da bidea, baina bai okindegira sartu eta "egun on" esatea, isil-isilik edo telefonoari begira sartu ordez. Zigor Iturrietak elkarrizketa batean aipatu zuen mendian agurtzeko ohitura galdu egin dela, eta hark kasu egiten ez dionari atzetik segitzen diola eta agurrarazi egiten duela.
"Kaixo! Zer moduz?" hitz jokoa dela esango nuke agurtzeko esaldi zabalduena. Neu, dena den, nekatzen hasita nago molde horrekin. Zer moduz? galdera kendu egin nahi dut ohiko errutinatik. Sarritan haren erantzuna "ondo" da, baina esango nuke benetan erantzuten dena, erantzun nahi dena eta sentitzen dena ez direla gauza bera. Zer moduz dagoen galdetzen diodanarengandik benetan nola dagoen jakin nahi nuke; baina supermerkatuan norbaitekin elkartzean edo igogailuko elkarrizketa laburrean, agian, soberan dago galdera. Kortesia hutsez egiten da, kortesiaz-edo esaldi egin hori ikasi dugulako. Eta erantzuna ere hala erantzun behar dela ikasi dugulako dator.
Ondo gogoan ditut haurtzaroko ingeleseko saioak. Hala irakatsi ziguten: "How are you? I’m fine, thank you. And you?". Handik hamarkada batera ulertu nuen zer esaten ari nintzen. Bere garaian, "jauarriu aimfain zankiu endiu" ikasi nuenean, ez bainekien zer demontre esaten nuen. Baina halaxe irakatsi zidaten. Ez zidaten irakatsi "jauariu aimnotokei kaniujelpmi" esaten.
Gai honetaz maxixatzen, ingurukoek jaso dituzten erantzun xelebre batzuk bildu ditut. Lagun bati horrela erantzun zioten zer moduz galdetzean: "Ongi. Edo kontatu egingo dizut?". Beste bati, berriz, "bertsio motza edo luzea nahi duzu?", esan zioten. Duela aste batzuk Eroskiko langile batek honako hau erantzun zion erosleari: "Ondo. Gaizki ezin omen da esan eta!".
Aitziber Garmendiak bere antzerki liluragarri horietako batean argi azaldu zuen, "zer moduz?" galdetuz gero, nola zauden erantzun behar dela. Zeren, askotan, "hementxe!" omen diogu. Artistak hala zehaztu zuen: "Zer moduz? Hementxe! Hementxe toki bat da eta zer moduz galdetu dizut! Gaizki bazaude esan gaizki!". Amaitu zen urtea. Urte berria hastearekin batera, gure ongietorri formula aldatu egiten dugu; "Kaixo! Urte berri on!", diogu. Agurtu dugu ondokoa, nola dagoen galdetu ez badiogu ere, agur txukuna da. Esaldi osatu horrek, ordea, ez digu balio urte osoan zehar erabiltzeko.
Zer moduz nagoen galdetzen didanarentzat gustatzen zait "txarra kenduta ondo" erantzuna, Izan Inurri elkarteak azken urteetan are zabalago egin duen esapidea. Bestetik, bizitzan tupustean ezagutu nuen batek, "bizi-bizirik" erantzuten zuen "zelan?" galdetzean. Ikaragarri gustatu zitzaidan. Guztiok gaur ez bada bihar ditugun emozioen gorabeherak, unean uneko sentsazioak, problemak, pozak eta gainerakoak barnebiltzen baititu.
Eta zuk nola agurtzen dituzu gertukoak? Eta nola ez hain gertukoak? Haiek zu nola agurtzea nahiko zenuke?
Irakurle, urte berri on. Eta jarraitu bizi-bizirik!