Flying free abesten genuen, eta egun halatsu dabiltza zenbait buru. Udaberrian gira, tximeletak eta txoriak nonahi dira. Txoriak gira, ideiak bira. Txoriak bira, ideiak gira. Txoriak gira biran, ideiak joan eta etorri. Hutsik dagoen sentsazioarekin asko pisatzen duen burua soinean hartuta gabiltza. Kontzentrazioa izeneko karpetarik ez da garunean, baina bai ideia desordenatuena, etorkizuneko planena, erosketa zerrendarena eta abar. Zeinen zaila den burua hemen eta orain izatea. Zeinen zaila den buruak eta gorputzak bat egitea; elkar hartu eta bien erritmoak sinkronizatzea. Duela lauzpabost urte tupust egin nuen mindfulness delakoarekin. Parera etorri zitzaidan ikastaro hura egiteko aukera, eta ordutegiz ongi zetorkidanez, zer zen oso ongi ez banekien ere, haraxe joan nintzen. Gustatu zitzaidan; asko, gainera. Neure buru eta gorputzera etortzeko erreminta gisa balio izan zidala esango nuke. Aldi hartan ondo nengoen sentsazioa banuen ere, ikastaro hark hobeto egonarazi ninduen. Burua azkarra da eta egunean joan eta etorri asko egiten ditu, baina beharrezkoa da balazta zanpatzen jakitea. Mindfulness-a izan zen lehorreratzeko erreminta gisa izendatu nuen lehenengo teknika. Harrezkeroztik, bizitza deritzogun ikasketa honetan beste hainbat elementu topatu ditut hankak lurrera ekarrarazten dizkidatenak. Orainera etortzeko. Buruaren eta gorputzaren abiadurak bateratzeko. Hemen eta orain bizitzeko.
Norberak ezagutzen du bere burua ongien eta bakoitzak ditu bere moduak, ohiturak, maniak edo ordenak bere burua kokatzeko. Ni ere ari naiz orainean egoten laguntzen didaten gauzak detektatzen, beraz, norbaitentzat lagungarri balitz, hementxe, nire lur hartzeko dekalogoa:
1. Mindfulness. Arnasa hartu eta bota, eta jarraitu arnasten. Gure bizitzaren oinarria horixe baita. Arnasketaren bidez kontzentrazioa hemen izateko entrenatzen da pertsona.
2. Oinutsik ibili. Lurzoruak argi esaten digu non gauden. Zorua aldakorra da, eta aldaketetako sorpresek, sorpresa denek bezala, orainera ekartzen gaituzte.
3. Ur hotza. Itsasoan hankak sartzea zein gorputza sartzea, goizean ur hotzarekin aurpegia bustitzea, ur hotzarekin dutxatzea. Gaudenetik ateratzeko bide azkarra da ura.
4. Eguzkia sentitu. Bat-batean eguzki izpiak aurpegian sentitzea, honat etortzeko bide goxoa da.
5. Benito Lertxundi. Bizipen margotua, Mundurat, Orbaizeta eta beste hamaika. Nire buru, gorputz eta arima dardarka jartzen ditu, neurera bilduz.
6. Ispiluak. Etxean ispiluak izateak laguntzen dit "aiba, hemen nago!" sentitzen.
7. Pinua. Begiak itxi eta usaindu eskumuturretan igurtzitako pinu olio esentziala. Badu zerbait berezia.
Badira beste hainbat elementu, txori kantuak, haize hotsa, ur hotsa (naturako musika deituta laburbildu nezake, agian), neure burua mimatzen laguntzen didatenak. Baina aurrez aipaturiko horiek ziztuan ekartzen naute lurrera.
Bizitzan apurka-apurka noa gauzak esperimentatzen; beraz, joango naiz dekalogoa osatzen. Hamarrekoa edo hamabikoa edo hogeita hamarrekoa edo; oraindik asko dut bizitzeko eta asko ikasteko.