Izarraizpetik

Auzoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2025ko abu. 18a, 08:28

(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Konektatzea eta deskonektatzea modan dauden kontzeptuak dira, uda sasoi honetan are gehiago. Oporretan deskonektatu egiten dutela diote batzuek; beste batzuek beren buruekin konektatzen omen dute jai egun horietan. Baina zein da gakoa? Egunerokoaz deskonektatzea edo errutinan egiten duguna egiten dugula ere, gure kordean, gorputzean, ariman, esentzian konektatuta mantentzea?

Azpeitiak bazuen herri izaera. Herriak bazituen auzoak, auzoak bizirik zeuden, eta auzo biziz osatzen zen herria. Orain, egoera bestelakoa dela deritzot. Auzotarrak martxan dabiltza, herritarrak ere tope-topera. Baina auzoak eta herria martxan al daude? Herritarrak herritik deskonektatuta daudela deritzot. Plano fisikotik ez, baina esentziaz bai. Kontsumo joerez, jarrerez, harremanez, auzolanaz eta abarrez ari naiz, bai; gai sakonegia lerro gutxi hauetarako. 

Aste honetako gertaera dakart hona. Bost urte dira Sanjuandegiko gurasoen estalpetik landa eremuko auzo batera bizitzera joan nintzela. Auzoko plazan nengoen etxekoekin; bakarrik geunden eta laster batu zitzaigun auzoko bat. Lanetik kaleratu berri zuten, eta norbaitekin tertulian egon beharra zuela-eta gurekin egin zuen parada. Barrenak hustu eta nork bere bidetik jarraitu genuen, gu etxera eta hura bere haserrearekin, paseo meditatibora. 

Egun berean, arratsez, familiako batekin egin nuen topo, eta horrela esan zidan nora zihoan galdetuta: "Auzokoa bakarrik ari da sasitzar horiek denak mozten, eta garbitzeko makina hartu eta harengana noa!". 

Duela bi aste, berriz, bizikletaz bueltatxoa egiten ari nintzela, bere terrenoetatik oso urrutiratuta zebilen sasoiko auzoko andre bat topatu nuen letxugak eta kalabazinak poltsa batean hartuta. Zer egiten ote zuen barazkiekin haraino joanda pentsatu nuen nire kolkorako; bada, barne gogoeta irakurrita edo. "Bai, Pedrok min hartu du eta baratzera laguntzera etorri naiz", esan zidan. Hara! Auzokoak min hartu eta laguntzera. Bejondeizula! Nola utzi ba baratzea egiteko sasoirik onenean lanak egin gabe?

Kontuak kontu, bizitzeko modu hori aipatu nahi nuen. Ez gara lagunak, ez gara kuadrilla, ez gara familia. Auzoa gara. Larrosa ederrenak ere arantzak izan ohi ditu, eta auzoan ere badira txutxu-mutxuak, inbidiak eta gaizki eginak; baina hori ere bada auzoa.

Auzoa da haurrak zaindu ezin ditudanean plazatarren artean neureak ere zaintzea; auzoa da oporretara noanean ondoko bizilagunak mazeratzen dauzkadan olioak mugitzea zein loreak ureztatzea; autobusaren zain dagoenari paradan konpainia egitea garraioa iritsi bitartean. Auzoa da hainbat adinetako, koloretako, neurritako eta formatako pertsonak elkarrekin mahai bueltan elkartzea; etxeko ordezko giltzak nire bizilagunak izatea; euria ari eta nire kotxeko leihoa zabalik baldin bada, tinbrea jotzea; kotxea argiak piztuta geratu bada, abisatzea; bestearen ahuntza hesitik atera bada, zerorrek belazera bideratzea. 

Herria egiteko, bizitu ditzagun auzoak. Hobe esanda, eman diezaiegun zentzua. Zeren bizirik badaude, neurri batean, baina ni bizimoldeaz ari naiz. Zaila zait azaltzen, baina ulertu duzue, ezta?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide