Izarraizpetik

Ama artistak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2025eko azaroaren 15a

(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

2025/09/16 10:30

Artistak gogoko du esperimentatzea: artelana, patxadaz, kolore ezberdinez zipriztintzea, material ezberdinez zentzumenak piztea. Idazleak gogoko du papera arkatzez zein bolalumaz zirriborratzea. Primerako bulego bilakatzen dira itsasertza edo erreka bazterra; brisak zein haize ufadak ideiak freskatu eta mugimenduan jartzen ditu. Ahoz gora buruko murmurioak zeruari kontatzean ere inspirazio iturria irekitzen da. 

Iritsi zait niri ere idatzia entregatzeko unea. Nire bizitzan, askorenean bezala, ez dago azken produktura iristeko esperimentazio faserik. Baditut tarteak literatura sortzeko; zenbat kantu entzun ote dituzte nire txikiek motxiletako lo-kuluxketan? Hainbat kontu kontatu dizkiet bularraren epelean. Baina produktu idatzi hau bestelakoa da. Gaur egun daramagun bizitza erritmoarekin, eta bi haurren ama izanda, ez dago ez akatsetarako ez arkatzez patxadaz zirriborratzeko denborarik. Ezin dut idazteko gogoa dudanean idatzi, ezin dut ideia jasa datorrenean tekleatu. 

Oraintxe daukat tartetxoa eta orain idatzi behar dut. Orain hasi eta orain bukatu beharko da aldizkarirako artikulua. Etorriak etorri, zenbat eta zirriborro gutxiago egin hobe; eta noski, ordenagailuz. Eskerrak eman teknologiari, idatzitakoa borratu, berriz idatzi eta oso azkar eta txukun zuzendu daitekeelako testua. Gaur egun nire idazle jardun horrelakoa da, bai: hemen, orain eta ordenagailuz. 

Non nagoen jakin nahi? Haur txikia ohi baino lehenago jaiki da. Zaharrena eskolan utzi eta bestea jada logale zenez, lo jarri eta pentsatu dut gaur izan daitekeela Gukako letra sorta idazteko egun egokia. Beraz, haurra lo jartzeko saiakeran hasi naiz. Etxeko goxotasunean, bularra emanez lotaratzen saiatu naiz. Lasai-lasai egon da, denbora luzez, baina ez du lo hartu. Paseoko karroa ez du gogoko, beraz, kotxean sartu dut, hori baita haurra lo azkarren jartzeko dugun metodoa. Arrankatu dut eta bi minutu pasatzerako lo zegoen. Aibala! Hauxe da nire idazle sena pizteko unea! Kostaldean bizi naizenez, giro ederra dagoela aprobetxatu eta itsasoari begira aparkatu dut autoa. Automobila itzalean –haurra freskuran egon dadin–, eta ni ere itzalean –ordenagailuko pantaila ikus dezadan–, askoz nahiago zukeen arren nire barneko artistak letrekin eguzkitan jolastea. 

Ari da apurka-apurka orri zuria betetzen. Aldi berean, nire bihotzari taupada bizkortzen zaio tarteka, hau amaitu aurretik haurra esnatuko ote den beldur.

Semea esnatu da

2025/09/17 22:30

Nire gelako goxotasunean hartu dut berriro idazlana. Gogoko dut hemen idaztea, bertan daude nire hiru mosketariak lo, beraien presentziak eta gelako argi apurrak, goxatzen dute lantokia. 

Idatzi hau nire artikuluak idazteko modua zein den ikusarazteko da. Lehenengo irakurraldian kaotikoa badirudi ere, plazera izan da itsasoari begira zein logelako goxotasunean idaztea. Urratsez urrats egiten da bidea, eta paragrafoz paragrafo osatzen da testua. Esaldi denak toki eta egun berean idatziak izatea ezinezkoa zaidan arren, piezaz pieza puzzlea osatzea lortzen dut. Niretik idatzi dut, beste asko ere, nor bere territorioan, gisa berean zabiltzatela jakitun.

–Semea esnatu da titi eske

2025/09/18 22:10

Orain arte idatzia gainbegiratu, puntuazio markak errepasatu, ortografia akatsak zuzendu eta Gukara bidali berri dut. Pozarren nago entrega eguna baino lehen lanak amaitu ditudalako. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide