Maite dut negua; hobeto esanda, maite dut Euskal Herriko negua. Hori entzunda batek baino gehiagok erotzat hartuko naute, baina hala da. Beti esan izan dut urtaro guztiak gustatzen zaizkidala, ez dut jakin izan aukeratzen. Bat hautatzera behartutakoan udazkena esan izan ohi dut ezpainak txiki jarrita, ahopean, baina ez nuke arrazoia esaten jakingo; neu libra naizelako, agian?
Udazkena badoa aurrera eta negua ate joka dugu jada. Badira aste batzuk negu gosez sentitzen dudala nire gorputza. Neguak laguntzen dit barnera begira jartzen, nire burua non dagoen kokatzen, neuretzat denbora gehixeago hartzen. Eta senak ere igarri du neguaren beharra dudala, neu entzuteko. Urtaroaren ilunak, nire barneko iluna bilatzen laguntzen dit, eta behar dut. Une honetan nahi dut nire barruko iluntasunarekin konektatu eta lasai egotea. Iluntasun horrek ez du txarra izan behar, baina nire puntu malenkoniatsua topatu, gogoetak egin, entzun, aberatsa da.
Horrez gain, sukalde kontuak ere ezberdinak dira neguan. Plazeraren hormonak asko mugitu zaizkit azken aldian. Gaztainak, porru salda, baratxuri zopa; neguko epela gogorarazten didaten jakiak. Baratzea bete kalabaza! Bera da etxeko berdura preziatuena. Gurean udan entsalada da otorduetako komodina; neguan, aldiz, tortilla. Nahierako arrautzopilak dira ongi etorri, izan urdaiazpikoa, txorizoa, gazta, atuna, piperrak, brokolia, tipula. Nola ez zait bada negua gustatuko, tortilla baldin bada nire plater gogokoena? Mandarinondoak eta kiwiak bete-beteak; idazteaz batera, ahoan adurra sortzen zait. Eta ahaztu gabe ezin utzi txokolatean bustiriko txurroak, oraindik aurten jan ez ditudan arren, birritan dastatuko ditudanak!
Gure amonaren sukaldean urteak bi denboraldi ditu: entsaladaren aldia eta zoparen aldia. Pasa den urtean, uda oso motza izan zen sentsazioa nuen. Giro epelak azkar amaitu zirelako edo, neuk agian gutxi aprobetxatu ahal izan nuelako uda. Ez dakit. Baina sentipen horri biraka nenbilela hala esan nion nire buruari udazken hasieran: "Pentsa, amonarenean berriro ere zopa hasi gara jaten!". Aurten mendi puntak zurituta agertu arte, hau da, ia oraintsu arte, ez da zoparik agertu platerean.
Hotzak bizitu egiten nau, bizkortu, esnatu; gustatzen zait. Txaketa lodia jantzi eta sudurra gorri duzun sentsazioaz eginiko paseoak ikaragarrizko energia ziztada dira. Goizean goiz jaiki eta leihoa zabaltzean sartzen den freskurak umorea esnatzen dit, eta laguntzen dit niarekin konektatzen eta hankak eta burua lurrera ekartzen. Zer diozue ur hotzarekin amaitutako dutxez? Udan erraza da, eta plazera da ur freskotan dutxatzea, baina neguan? Ez dut gogoko ur beroz zipriztintzea, epelarekin nahikoa, baina ur hotzarekin blaitzeak belarritik belarrirainoko irribarrea sortzen dit. A ze gorputzaldia!
Ikusi bezala, baditut negua gustagarri izateko hamaika motibo, bai. Gabonak ere atsegin ditut, gustatzen zait opariak egitea eta jasotzea –kontsumo bideak zainduz, noski–, beheko suaren usaina, giro kaskarra den egunetan xaboiak egitea zein josten aritzea. Negua ere egin daiteke berezi.
"Garaian pikuak", dio gure amonak, beraz has dadila negua. Ongi etorri eta gozatu.