Izarraizpetik

XXI. mendeko denborapasak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2026ko martxoaren 20a

(Irudia: Pixabay)

Irati Arangurenek otsaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Sei astetik behin egin ohi dugu bisita bertara, hori baita, erabiltzaile aktibo izanik, handik pasatu gabe egon daitekeen denbora luzeena. Nire haurrek gustuko dute, eta haiek gogotsu doazela ikusita, ni are gusturago. Nora, ordea? Bada, liburutegira. 

Hala agertu ginen anbulatorioan ere, liburutegiko sorta hartuta. Kontsultara sartzean, urte eta erdiko semeari ipuina eskaini nion entretenitzeko, eta harekin pasatu zuen medikua gainerakoak artatzen ari zen denbora. Osasun profesionalak horrela esan zidan: "Hara! Poza ematen du haurra liburuarekin ikusteak, guztiek mugikorrarekin ekartzen dituzte!". 

Azkenaldian zenbait itxaron geletan egotea tokatu zait, badakigu ordua ordua dela, baina osasunaz ari garenean, sarritan esan ohi da pazienteka kontatzen dela. Hori hala, bost minutu nahiz ordubete zain egotea tokatu izan zait niri ere, beste askori bezala. Itxaroten dagoen orok ukitzen du sakelako telefonoa. Ikusi ditut bai bi urteko haurrak, bai ilea urdindutako bikoteak mugikorrekin denbora pasatzen. Ulertzen dut kasu puntualetan ateratzea, hau da, zereginen baterako erabiltzea mugikorra, izan informazioa topatzeko, intereseko zerbait begiratzeko, norbaiti kasu egiteko eta abar. Baina kasu askotan, denbora pasa daudelako atera dute telefonoa, eta hori ez zait normala iruditzen. Gazteei bota izan zaie errua, haiek omen dira burua altxatu gabe bizi direnak. Ba ni harrituta geratzen naiz jubilatuta hamarkada bat daraman jendea mugikorrarekin zenbat denbora pasatzeko gai den ikusita. Denok harrapatu gaitu sareak. 

Osteopataren zain nengoen batean, eta hausnarketa hauek jada eginak nituela, han agertu zen dozena urte inguruko mutiko bat amarekin. Aulkian esertzeaz batera, motxilatik etxeko lanak atera eta egiten hasi zen. Hark bazekien zain egon beharra tokatzen zitzaiola, eta amak konbentzituta edo ez, baina denbora aprobetxatzeari ekin zion. 

Halaxe, zain nengoen beste egun batean, bikote bat eseri zitzaidan ondoan. Gizonezkoak liburutzar bat eskuratu zuen motxilatik, eta hala esan zion bere kideak: "Atera egin duzu, gainera!". Gizonak erantzun: "Baimena eskatu dizut, eta baietz esan didazu". Emakumeak lotsatuta-edo zirudien, hamar zentimetro lodi zen liburu hark harrapatuta zegoelako bikotekidea. 

Ekonomikoki erren egiten dugula diogun garai hauetan, gogoratu liburutegi zerbitzua doakoa dela, eta mugikorrak, aldiz, behar ditugunak baino garestiagoak erosten ditugula. Sareko datuen tarifa ere, halatsu, badaezpada ere, behar duguna baino datu bastantez gehiago dituena. Eta jarraitu dezagun irtenbiderik gabeko gurpilean biraka.

Esan behar dut ama gisa harro sentitu nintzela haurrak liburua eskuan zuela medikuak esana entzutean. Etxean argi dugu teknologiak zer presentzia izatea nahi dugun. Baina nola hartzen zaio tamaina? Zer da gehiegi? Eta zer gutxiegi? Egungo gizartearen garapena ikusita, errespetua ematen du teknologiaren jakintzan atzera geratzeak; aldi berean, kezka sortzen du haur jaioberria zein laurogeitaka urteko herritarra beren aisialdian mugikorrarekin ikusteak. Guraso bezala beldurra ere ematen du haurrak etxean telebista gabe hezteak. Zaila da bide egokia topatzen. Gure etxean, momentuz, Youtube zer den jakin gabe Tortolika eta Xixupikaren kaseteak martxan jartzen jarraituko dute. Ez al zen ba haurtzaroan polita kasetearen zuloan behatza sartu, bueltak eman eta zinta zintzilik geratzen zela ohartu arte jolastea?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide