Iritsi da giro goxoa, iritsi da festa gosea. Udaberriaren atarian, ongietorria egiteko gisan, bota zuten suziria ahalik eta goren, urrutitik entzun dadin oraindik tinko dirautela bertan. Halaxe hasi ziren bai San Jose jaiak Loiolan. Zelaiak berde-berde, lorez jantzita, San Jose loreak urriak izanagatik ere, bitxiloretan aberats dena.
Txupinazo hark eman zion hasiera Loiolako denboraldiari. Zonalde horrek beti izan du zerbait berezia herritarrentzat zein kanpotarrentzat, eta giroa goxatzen hasteaz bat, nola muskerrak eguzkira, hala mugitzen gara gu Loiolarantz. Neguko ajea baztertu eta gehiagok hartzen dugu harantz bidea. Zenbat hankagorrik ikasi ote dute bertan oinez? Zenbatek hartu han lehendabiziko kaskarrekoak patinetan? Eta nork estreinatu du jaunartzean oparitu ohi zen bizikleta basilikaren aurrean? Erabilera askotako esparrua izan da auzune hori udaberrian eta udan herritarrontzat.
Gogoan dut haur nintzenean nola bertaratu ohi ginen bizikletaz. Urrun zegoela sentitzen nuen oroitzapena dut; hori hala, lehendabiziko geldialdia dinosauroen parkean egiten genuen. Kostatu zitzaidan animalia katxarro haien lagun egitea; eskaileren balantza, barruko iluntasuna, hura niretzat Jurassic Park zero kilometro zen. Nerabezaroa gainean izango nuen lasai jostetan hasi nintzenean. Gaur egun, aldiz, pozarren behatzen ditut garbigunera egindako sartu-irtenean. Azkena joan nintzenean, behintzat, han zeuden historiaurreko animaliak; norbaitek bisitatu nahi balitu, jakin dezala zutik dirautela.
Parke jurasikotik basilika aurrera egiten genuen hurrengo ibilalditxoa. Amak maitekiro prestaturiko ogitartekoa eta zizka-mizkaren bat jan ondoren, goxoki dendan zerbait erosten genuen. Bi gozo kantina zeuden, horietan ere eskertu nuen adinean gora egiteak zekarren onura. Hogei zentimetro altukoa izango zen kantinek zuten petril edo koska, batekoa gainera oso estua zen; haurtzaroan gelako txikienetakoa nintzen, eta goxokiak ikusteko bai ala bai hara igo beharra zegoen, oreka galdu gabe, eta ahalik eta azkarren goxokiak aukeratu, negozioak egin eta jaistea izaten zen helburua. Gozamena zen, ordea, mostradore haiei begira egotea, kolorez eta usainez punta batetik besteraino beteak egoten ziren.
Bizikletako ibilaldia, amaren merienda eta goxoki festaren ondoren, beharrezkoa zen iturrira joatea. Nork du gogoan auzoko iturri ezaguna? Han ere nahitaezkoak ziren oreka eta altuera, baina xarma berezia zuen.
Norbere burua ezagutzeko bidaide aparta izan da askorentzat Loiola, bai espiritualki, bai fisikoki. Eliza zein gogarte etxea hortxe ditugu nahi duenarentzat erabilgarri. Nik gogoan dut zer beldur eta zer adrenalina sortzen zidan patinekin eliza aurreko aldapak zein bizikletaz eskailera zabalak jaisteak. Loiolak asko irakatsi digu: gutaz hausnartzen, geure mugak ezagutzen, beldurrak lantzen eta abar.
Badiot kariño berezia auzo horri, ikusten den horri guztiari, eta ikusten ez diren ezkutuko bideei eta paisaiei ere bai. Ederra da oso-osoan.
Nik hitz egin dut Loiolan falta diren dinosauroez zein iturriaz, baina nire amak bertan geratzen zen trenaz hitz egingo zukeen, paseatzeko irekita egon ohi zen gogarte etxeko zelaiez edo txokolateari laguntzen zien azukrezko bolauez. Hargatik edo honengatik, gure ondorengoek ere jarraitu dezatela auzo horretaz mintzatzen. Gozatu udaberriaz eta gozatu Loiolaz.