Eguzkiaren joan-etorrian, nire haurdunaldiaren amaiera geroz eta gertuago dago. Gizartean norbait umedun ikustean zerbait esateko konpromisoa-edo sentitzen dugu, eta gaurkoan, haurduntzan entzun ditugun zenbait kontu ekarri ditut.
Ondorengo kasuetako pertsonaien izenak aldatuta daude, baina benetan pasatutako egoerak dira. Ea zer deritzozuen.
Maite. "Tripa txikia duzu, ze ongi!", esaten zioten Maiteri kalean. Haurraren pisua eta amaren triparen dimentsioa erlazionatuta egon ez arren, berak nahiago zukeen sabelalde handiagoa izan, bai baitzekien pisua hartzea kostatzen ari zitzaiola haurrari eta min ematen zion esaldi hark.
Edurne. "Haurrak ia 2 urte eta oraindik titian?", esan zioten birritan Edurneri. Emakume honek edoskitzearen asaldura pairatzen zuen, bera zen haurrari titia ematean gehien sufritzen zuena.
Sara. "Ai ze inbidia zu haurdun ikusita!", entzun zuen Sarak zazpi hilabeteko umea sabelean zuela. Programatuta zuen abortua hori entzun eta bi egun barrurako, umeari aurkitu berri zioten gaitz bat tarteko.
Berezi. "Urak hausten zenituela egin dut amets bart". Berezik erditzeari begira zuen ikara handiena urak hautsita hastea zen, garbi zuen kontrakzioekin hastea nahi zuela jaiotza. Urak garbiak diren edo ez begira aritu beharrak-edo eta horrek ospitalizazioan haurra naturalki jaiotzeko denbora mugatzen duela jakiteak beldurra ematen zion.
Uxune. "Tripa behe-behean duzu, aste honetan baietz jaio!". Uxunek nahiago zukeen erditze naturala izan, baina plazenta erorita zuenez, zesarea zuen programatua.
Nora. Haurdunaldiko 40. astean zegoen, geroz eta gutxiago falta zitzaion txikia ezagutzeko. Bigarren haurduntza zuen hau, bigarren erditzea. Norak lehenengo erditzeaz oso oroitzapen ona du, baina bigarrengoa ate joka zuen asteetan urduri ibili zen, bere gorputzeko inkontzientean erditzearekiko errespetu handia sortzen hasi zitzaion. Lehenengoa induzitua izan zuen, baina primeran joan zen. Bigarren erditzea nola hasiko ote, ordea? Zer egin etxean hasiz gero kontrakzioak? Beldur apur bat zion induzitua ez izateari edo erditzea ospitaletik kanpo hasteari. Asteak aurrera zihoazela ikusita, bere lagun Maite erditzea azkartzeko akupuntura egiteko prest agertu zen. Mikelek zioen magnesioa duen gatzezko bainua ona dela dilatazioa bizkortzeko. Uxuek Hamilton maniobra egitera animatu nahi zuen. Baina Norak nola esan ospitaletik kanpo hasitako erditzearen beldur dela? Babestuago sentitzen zen adituen zainpean.
Unax eta Aintzane. Guraso izango dira Unax eta Aintzane, 28 eta 26 urte dituzte hurrenez hurren; hiru hilabeteko haurdun dago emakumea. Haurdunaldia bilatua izan da, baina datu hori jendartean ez zabaltzea erabaki dute. Batetik, egoera nahigabekoa izan bada, gazte arduragabe gisa epaituko dituelako inguruak; bestetik, bilatua izan bada, egungo egoeran eta hain gazte umea bilatu izanagatik ere arduragabetzat hartuko lituzketelako.
Elaia. "Hauxe ama gaztea!", entzun behar izan du Elaiak 30 urte bete berritan bere haurdunaldiaren berri kontatzean. Ia inork ez daki, baina duela hiru urte hasi zuten haurraren bilaketa; hainbat prozesu igaro ondoren jaioko da txikia.
Eta zuk bizi izan al duzu gisa honetako egoerarik? Intentzio txarrik gabe gertatutako pasarteak dira, ziur, baina zaurietan kilimak egiteko ez du beharrik haurdunak. Zain gaitezen elkar egunero pixka bat gehiago.