Izarraizpetik

Kanpina

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren

(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek iraileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Uda entzutean ziztuan etortzen zaizkigu egun luzeak, argia zein beroa gisako kontzeptuak burura. Aurtengoa bete-betean halaxe da. Lasaiago bizi garela esan ohi da sasoi honetan; dena den, badu ezkutuko aldea ere. Ez al dugu gainerako urtaroetan baino presio handiagoa sentitzen udan gure gorputzari dagokionez? Norbere buruarekiko eskaera maila ez al da handitzen? Azken urteetan joera aldatzen ari dela entzuten da; askotariko gorputzez hitz egiten da, ez depilatzeaz ere bai. Baina, hala ere, generoak alboratuz, gizakiok, oro har, presiopean sentitzen gara urteko sasoi honetan.

Udaberri amaieran, tenperaturak goxatzen hastean, laster hasten gara gure soslaiari begira. Hor dugu betiko bikini operazioa; ildo beretik, agian, gaur egun gorputz gihartsua ari da indarra hartzen? Udan beltzaran egotearen beharra sortzen da, solariumaren erabilera handitzen da, azazkalak margotuta eta azala depilatuta izatea ere behar-beharrezkoa dela sentitzen da. Luzea da gure buruari jartzen dizkiogun egiteko edo izateko elementuen zerrenda.

Alde batetik, hor dago matraka hori guztia. Eta, bestetik, kanpin fenomenoa dugu. Bigarren horren hiru alderdi aipatuko ditut, azaletik.

Lehendabizi alderdi soziala dago. Animalia askoz sozialagoak eta jatorragoak bilakatzen gara kanpinean. Presa gutxiago eta tolerantzia eta pazientzia handiagoa izan ohi ditugu. Harrikoa egiterakoan han topa genezakeenarekin solasean hastea ohikoa da; nor hasten da, aldiz, herriko kalean ondoko edonorekin hizketan?

Bigarrenik, alderdi fisikoaz mintzatuko naiz. Geure buruarekiko exijentzia maila apaldu egiten dugu. Emakumeok kanpinetik bueltan joango gara ilea tindatzera edota azkazalak pintatzera, eta ez kanpinera joan baino lehen. Janzkerari dagokionez, berdin du arropak konbinatuta joatea ala ez, galtzek zulotxoren bat izatea edo ez, zapatilak berriak edo zaharxeagoak diren. Horri jarraiki, bizilagunak guk esekitako arropa ikusteak ere ez digu axola.

Eta halaxe ibiliko gara, lasai-lasai, egun osoan bikinia soinean. Bikiniaren goiko zatia izan liteke behekoaren laguna, edo agian ez, baina berdin digu. Eta nola liteke, kanpinean lasai asko egun osoa bainujantzitan egon ondoren, gure herriko igerilekuan konplexuak agertzea uretarako arropa janzterakoan? Edota kalean bertan lotsa ematea galtza motzak janzteak? Badugu zer pentsatu eta zer sendatu.

Hirugarrenik eta azkenik, kanpineko bizimodua dut gogoetagai. Bizimoduari dagokionez, esango nuke inguruko kideei eskainitako denbora indartsuagoa dela, gure egotea kontzienteagoa dela, erlojuaren menpe ez ibiltzeak laguntzen du harremanak lasaitasunetik gozatzen eta eraikitzen. Denon osasunaren mesedetan.

Materialismoa ere murriztu egiten da, gauza gutxiagorekin konformatzen gara. Etxean dugun erosotasuna ez izan arren, gustura gaude. Etxeko ohea baino hoberik non topa liteke? Sukaldatzeko, non erosoago etxean baino? Ez dugu etxeko arroparen zein material aukera zabalaren faltarik sumatzen, ez dugu kosmetika guztiaren eta gailu teknologikoen beharra nabaritzen eta abar.

Eta noiz galdu genuen zaborra botatzera pijamatan jaisteko askatasuna? Eskerrak oraindik kanpinak eskaintzen digun dutxako toalla buruan jantzita ogia erostera joateko zein pijamatan paseo bat emateko askatasuna. A zer plazera.

Kontuak kontu, zergatik ez ditugu gure egunerokoan aplikatzen kanpinetako bizimoduaren zenbait pauta?

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide