LEB Plata. Azpeitia Azkoitia ISB 2013ko bolada onari jarraipena emateko asmoz kantxaratu da gaur Mallorkako Toni Servera pabilioian. Lehen postuen zelatan jarraitu ahal izateko Palma Air Europari irabazi beharra zeukaten Iurgi Caminosenek. Etxekoak baina, zeuden krisi txikitik irteteko asmo osoa erakutsi nahi izan dute hasieratik eta euren zaleen babesarekin gainera gauzak zail jarri nahi izan dizkiote gipuzkoarrei eta azkenerako garaipena lortu dute.
Iraurgikoak baina, mundua jateko gosea izango balute moduan hasi dira lehia. Defentsa gogorra eginez, ez diete utzi etxeko jokalariei ia uztaira gerturatzen ere ez. Justok eta Guridik berriz, barneraketekin min egiten zuten eta saskiratzea lortu ezean faltaren bat eskuratzen zuten alde. Modu honetara 1 eta 9ko emaitzarekin hasi da neurketa. Azpeitia Azkoitia ISB nagusi zen, baina gutxika-gutxika Matias Cerdáren mutilak berotzen hasi dira eta kanpoko jaurtiketak asmatuaz, gerturatu egin dira markagailuan. Bosgarren minuturako 10 eta 12koa erakusten zuen markagailuak. Panpinek eraman du etxekoen erantzukizuna erasoan, eta beste aldean bien bitartean puntu iturria pixka bat agortu da. Guille Justo azaldu da orduan eta 5 puntu jarraian eskuratuta argi utzi du, bere taldeak markagailuan aurretik jarraituko zuela. 19 eta 23 amaitu da lehen laurdena.
Bigarren laurdenean, distantzia lehenbailehen zabaltzeko asmoz irten dira ISBkoak. Lehen itzuliko neurketaren antzera Pantin taula azpiko jokoan nagusitzen hasi da eta ez Joseph-ek ez eta Jaso Blair azken fitxaketak ezin izan dute gelditu. 19 eta 28koarekin etxekoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du. Iurgi Caminosenak baina nagusi ziren eta ez zuten lortutako abantailari agur esaterik nahi. Etxekoen ahaleginei erantzunez 10 goitik ere ibili dira. Baina saskiratze trukaketa hori bat-batean etxekoen erakustaldi bihurtu da. 14 eta 2ko partziala eginda, ezerezean utzi dute gipuzkoarren aldea eta aurrenekoz markagailuan agintzera pasa dira. Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan du noski. Ahalegindu dira egoera konpontzen Iraurgikoak, baina etxekoen hiruko jaurtiketetan iaiotasuna tarteko 41 eta 38 joan dira atsedenaldira.
Defentsako lana hobetzea behar zuen gipuzkoarren lehen helburua eta hirugarren laurdeneko lehen minutuetan lortu du behintzat. Guridik Panpinen puntu jarioa gelditzea lortu du eta horretaz gain bere taldea gidatu du erasoan, berriz ere Azpeitia Azkoitia ISB aurretik jarriz. Berdindu egin da asko neurketa eta Iurgi Caminosenak aurretik ibili badira ere minutu gehienetan, aldea ez da bi puntuetatik gora joan. Azken minutuan sartuta jarri dira berriz ere aurretik Mallorkakoak Garciak hiruko marratik berriz asmatuta eta 56 eta 54 amaitu da hirugarren laurdena.
Azken jaurtiketa horrek etxekoak aupatu ditu eta 7 eta 0ko partziala eginda oso alde jarri dute neurketa euren alde. Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan du. Etxekoen puntuak urritzea lortu dute ISBkoek baina erasoan asmatu ezinik zebiltzan, Panpini kirolez kontrako falta bat adierazi dioten arte. Justo eta Lasa puntuak eskuratzen hasi dira eta bere taldea markagailuan pixka bat gerturatzea lortu dute (66 eta 62 lau minuturen faltan). Lanean jarraitu beharra zegoen ordea, etxekoek ez zutelako ikaratzeko inongo asmorik. Eta horretan tinko segitu dute Iurgi Caminosenek. Guille Justok, gaurko saskiratzaile nagusiak, neurketa berdindu du 58 segundoren faltan jaurtiketa libreen marratik. Guille Torresek eta Matemalasek baina, urduritasunari aurre egin eta saskira begira asmatuta garaipena etxean utzi dute: 75 eta 71. Beste behin, argi gelditu da, liga oso parekatua dela eta edozeinek edozeini irabazi diezaiokeela, eta beste behin Azpeitia Azkoitia ISBk beheko postuetako aurkari baten aurka galdu egin du, lehen postuak pixka bat urruntzen direlarik. Zortzigarren garaipenak hemendik 15 egunera etorri beharko du, datorren astean Kopa txapelketa dela eta ez baita Zilarrezko Adecco Ligako jardunaldirik izango.
Saskiratzaileak: (19-23/41-38/56-54/75-71)
PALMA AIR EUROPA: Joseph (14), García (7), Pampín (14), Blair (4) eta Matemalas (8) –hasierako bostekoa- San Emeterio (2), Torres (7), Riera (2), Corbacho (9), Cañellas (2), eta Veski (6).
AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (21), Kearse, Ibargutxi (5), Pantin (15) eta Guridi (12) –hasierako bostekoa- Zubizarreta (2), Motos (5), Lasa (8), Fohler eta Barberena (3).