Nesken Lehenengo Maila. Bigarren itzulia ezin modu hobean hasi du Zurt Taberna ISBk: bolada bikainean zetorren Gernika KESB-i irabazita hain zuzen ere. Denboraldiko lehen neurketan egurra jaso zuten bizkaitarrengandik Iraurgiko neskek, baina borrokarako beti prest direla erakutsita eta jokaldi bakoitzean duten guztia emanez, seigarren garaipena eskuratu dute jada, nahiz eta luzapen baten beharra eduki eta azken segundoan lortu gainera.
Bazekiten Zurtekoek neurketa ez zela bat ere erraza izango, aurrean zuten kontrarioa, benetan gogorra baitzen eta joko bolada bikainean iristen zen gainera Azkoitiko kiroldegira. Horregatik kontzentrazio handiarekin irten ziren kantxara eta defentsan lana sendo eginez aurreneko aldeak lortu zituzten markagailuan. Erasoan ere fin zebiltzan eta lehen laurdena 16 eta 8koarekin amaitzea lortu zuten. Eta bigarren laurdena ildo beretik hasi arren, Gernikakoen erreakzioa iritsi zen gerora. Defentsa asko gogortu zuten eta baloi pila galtzera eraman zituzten etxekoak. Modu honetara sei minutuan partiduari buelta eman zioten bizkaitarrek, 2 eta 18ko partziala eginez.
Partidua maldan gora jartzen hasia zegoen ISBkoentzat eta horrela jarraitu zuen. Hirugarren laurdenean saskiratzeak egitea gehiegi kosta zitzaien eta gernikarrak 11 puntuko aldea zabaltzera ere iritsi ziren. Baina bigarren laurdenean bizkaitarren erantzuna iritsi zen moduan, laugarrenean gipuzkoarrena etorri zen. Neurketan zehar 36 puntu eskuratu zituen Peña gelditzen jakin izan zuten defentsa aldakorrak eginez eta erasoan ere, ideia berriekin, bikain ibili ziren. Konturatzerako 2 puntu goitik ziren markagailuan, baina kanpokoen azken saskiratze batek luzapenera eraman zuen partidua.
Luzapenean minutu ikusgarriak eman zituzten Zurtekoek. Nahiz eta jokalari garrantzitsu asko faltaz josiak egon, borrokarako grina izugarria erakutsi zuten eta erasoan asmatuaz bost puntuko aldea zabaldu zuten. Hala ere, bizkaitarrek lehen itzulian bezala gehiago zirela erakutsi nahi izan zuten eta hiru segundoren faltan aurretik jarri ziren. Bazirudien garaipena Gernikara joango zela, baina azken jaurtiketa batean Itsaso Astigarragak bi puntu lortu eta Zurt Taberna ISBk 79 eta 78 irabazten amaitu zuen.
Denboraldiko seigarren garaipena dagoeneko Iraurgiko neskentzat, beste behin, talde jokoarekin eta borrokatzeko gogoarekin asko lortu daitekeela erakutsi zutelarik.
Saskiratzaileak: (16-8/14-27/10-15/24-14/15-14)
ZURT TABERNA ISB: Garazi (2), Berezi (6), Ainhoa, Irati (8), Maialen, Intza (20), Itsasne (8), Maite (8) Maitane (10), Eider (3), Itsaso (10) eta Aitziber (5)