LEB Plata. Aurreko astean garaipen handia lortu zuen Azpeitia Azkoitia ISBk, Oviedoren aurka 84 eta 80 irabazita. Asturiarrak 7 garaipen jarraian lortzetik heldu ziren Azpeitira eta gipuzkoarren indarrarekin egin zuten topo batez ere azken laurdenean. Garaipen horrek oihartzun handia izan du, lehen postuan amaitzeko faboritoetako bati aurre egin eta irabazteko kapaz izan zelako Iurgi Caminosen taldea. Goiko postuetan (eta batzuek lehen postuan ere) bukatzeko hautagai jarri dute modu honetara Iraurgi, baina zuhurtziak erakusten du oinak lurrean eduki behar direla. Gainera kontutan hartu behar da ISBk aurten nahiko denboraldi irregularra burutu duela orain arte. Batean bale eta bestean kale ibili da eta aurreneko postu horietan amaitu ahal izateko, derrigorrezkoa izango du erregular bihurtzea fase erregularra amaitzeko gelditzen zaizkion partidu apurretan.
Azken jardunaldian kontrario handi bati aurre egin behar izan bazion, aste honetakoa ez da atzean gelditzen. Clínicas Rincón Unicajaren bigaren taldea da eta talentuz beteriko jokalariak ditu. Iaz urrezko Adecco ligan jokatu zuten eta aurtengoa trantsizio urtea izate nahiko lukete, datorren urtean berriz ere goian egoteko. Oraingoz behintzat denboraldi aparta egiten dabiltza. Bederatzi garaipen erdietsi dituzte eta goiko taldeekin borrokan dabiltza lehen postuan amaitu ahal izateko. Hori bai, erreskadan hiru garaipen garrantzitsu lortu eta gero, azken bi partiduetan galdu egin dute Francis Toméren mutilek (Oviedoren aurka etxean eta azken Aurtenecheren kontrakoa Gasteizen) eta hori dela eta neurketa berotzen ibili dira daukan garrantziaren jakitun. Alberto Díaz, Pepe Pozas, Dejan Todorovic, Sabonis anaiak… izen handiak dira guztiak, baina kalitatea sobera izanagatik, “Los Guindos” bere pabiloian ez dabiltza beharko luketen bezain fin, jokatutako zazpi partidutik lautan bakarrik irten baitira garaile. Agian etxean eta etxetik kanpo modu bertsuan jokatzeak dakar hori. Gogoratu behar da Azpeitian jokatutako neurketan 77 eta 81 irabazi zutela andaluziarrek. Egia da baita, neurketa oso parekatua joan zela amaiera arte eta Alberto Díazek azken unean lortutako 2+1eko batekin erabaki zela neurketa hura. Biharko neurketak izan dezake antzekotasunik ordukoarekin, baina lehen itzuliko partidu hartan, Azpeitia Azkoitia ISB Oviedoren kontra jasotako porrot mingarri batetik iritsi zela eta kanpoko jaurtiketetan izan zuen ezohiko bataz bestekoa ere (20/2 hiruko jaurtiketetan) gogoratu behar da.
Biharko partidurako ordea Iurgi Caminosen mutilak morala gainezka direla iritsiko dira eta azken asteetako talde lana erakusten baldin badute eta jaurtiketetan bataz besteko normal xamarrak eskuratzen baldin badituzte, garaipena lortzeko aukerak izango dituzte. Jakina da baina, lana erruz egin beharko dutela, bi taldeak nolakoak diren ikusita eta sailkapenak dioenari so eginda, neurketa benetan parekatua aurreikusten delako. Aldeko emaitza batera edo beste joan sailkapena oraindik eta gehiago estutu edota zulo garrantzitsuak zabaltzeko balioko du. Etxekoak garaile irtenez gero, bi garaipenetara utziko dituzte gipuzkoarrak fase erregularra amaitzeko bost partiduren faltan. Iraurgik irabazi ezkero ordea garaipenetara berdinduta geratuko lirateke eta 4 puntu baino gehiagogatik irabazita gainera sailkapenean Clínicas Rincónen aurretik jarriko litzateke Azpeitia Azkoitia ISB.
Partidua zuzenean jarraitu ahal izango
Neurketa benetan interesgarria beraz eta gainera zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, izan ere, “Más Baloncesto” web orriak eta Cadena Axarquia FM irratiak lortutako akordio batengatik, biharko neurketa emango dute link honetan: http://www.masbaloncesto.com/modules.php?name=Live_Radio
Jarraian Iurgi Caminosek adierazitakoa:
- Oviedoren aurkako partidua denboraldiko onena izan al zen? Eta zertarako balio du partidu horrek Clínicas Rincón-i aurre egiteko?
“Orokorrean partidu ona izan zen, baina ez dut uste denboraldiko onena izan zenik lehen zatian defentsan ez ginelako ondo ibili. Egia da azken laurden bikaina egin genuela, baina ordura arte gora-behera asko izan genituen. Hurrengo partidura begira moralki lagunduko digu, baina ezer gehiagotan ez, talde desberdinak direlako eta norgehiagokari ahalik eta kontzentrazio gehienarekin aurre egin beharko diogu.”
- Malagakoa talentuz jositako taldea da, baina ez dirudi momenturik onenean dagoenik.
“Denboraldian zehar erakutsi duen talde lehiakor berbera da. Azken bi asteetan Oviedoren aurka eta Gasteizen galdu dute, bi talde onen aurka, eta azken unera arte aurpegia ematen ibili eta gero. Ez dut uste momentu txarrean murgilduta daudenik. Zortea pixka bat alde izanda eta neurketa hasierak aldatuta (bietan 10 eta 0 hasi ziren) emaitzak bestelakoak izango ziren.”
- Joaneko partiduan azken unera arte irabazteko aukerak izan zenituzten baina Alberto Díazek beraien alde erabaki zuen azkenean. Neurketa antzerako espero al duzu?
“Neurketa lehiatua eta gogorra espero dut, horretan antza izango du Azpeitikoarekin, baina non erabakiko den ikusteke dago. Orduan normalean baino gehiago huts egin genuen 6’75eko marratik (20/2) eta beraz, pixka bat gehiago asmatuta, eta hori lortzea espero dut, gako ezberdinak izango ditu neurketak.”
- Irabazi ezkero, oraindik automatikoki igotzeko aukerak izango zenituzten, playoffak lotzeaz gain. Gorantz eta bakarrik gorantz begiratzen hasteko garaia heldu da?
“Guk beti begiratu dugu gorantz, anbizioz beterik egon gara beti, baina oinak lurrean edukita, eta liga honetan edozeinekin gal zezakeela jakinda, astero dauden emaitzek erakusten duten moduan. Lehen postuan amaitzea oso zail ikusten dut. Ez diogu aukerari uko egingo, baina Oviedok bi partiduko abantaila ateratzen digu eta baita basketaberagea ere, eta ez dut uste talde horrek bi partidu baino gehiago galduko dituenik. Beraz, gure helburua ahalik eta goren amaitzea da eta gero etorriko da etorri behar duena.”