Gora eta gora jarraitzeko asmoz

Azpeitia Azkoitia ISBk Amics Castello taldeari bisita egingo dio bihar, larunbata, arratsaldeko 19:30tan.
Argazkia: Castellon jokatu behar den partiduko kartela
Argazkia: Castellon jokatu behar den partiduko kartela

LEB Plata. Azken bi jardunaldietan garaipen handiak lortzetik dator Azpeitia Azkoitia ISB eta garaipenak batzeko asmoz bidaiatuko du Castello aldera sailkapenean beste aurrerapauso bat eman ahal izateko. Azken asteetan goian dauden bi talderen aurka ondo jokatu eta irabaztea lortu eta gero ilusioz biziberritua dago taldea. Aste honetan beheko postuetatik ihes egin nahian dagoen talde baten aurka jokatuko du, gora begira eta behetik ihesi nahian dauden bi taldeen arteko lehia izango da beraz, baina errazetik ez du ezer izango.

Castellok bere jokoak erakusten duenak baino garaipen gutxiago batu ditu. Beti borrokan dabilen talde bat dela erakutsi du eta horren erakusle garbiena da, azken hiru porrotetan izan zituzten emaitzak: Praten 8 puntugatik galdu arren azkenera arte aukerekin egon ziren; zer esanik ez, hurrengo jardunaldian puntu bategatik galdu zutenean Palma Air Europarekin; eta azkeneko jardunaldian, Oviedo liderraren aurka bi puntugatik galdu zuten, Victor Perezek sartutako hiruko bati esker. Partidu horietako bakarrean garaipena lortu izan balute ez ziren neurketa honetara heltzen diren beharrarekin ailegatuko, baina sailkapenean bost garaipen bakarrik edukitzeak derrigorrez irabaztera behartzen ditu Toni Tenen mutilak. Behar horri gehitu behar zaio taldeak duen kalitatea. Zilarrezko Adecco Platan dagoen barruko joko indartsuenetakoa dutela esaten dute zenbakiek. Albert Ausina iazko ligako MVP-a izan zen eta aurten ere lortu du hori jardunaldiren batean. Baita ere Victor Hidalgok (ligako hirugarren jokalari baloratuena) eta David Ortegak. Baina, eurek sortzen dituzten espazioak gainera, Parejok eta Castello beteranoak bikain dakizkite aprobetxatzen. Beraz, pibotek bakarrik ez dute lana edukiko defentsan, kanpoko jokalariek ere arreta handia jarri beharko dute atzeko lanean.

Lehen itzuliko partiduan Azpeitia Azkoitia ISBk denboraldiko puntu errekorra apurtu zuen Castellokoen aurka. 102 eta 83 amaitu zen partidu hura eta hasieratik erakutsi zuen talde gipuzkoarrak bere nagusitasuna. Atsedenaldirako neurketa ia erabakita zegoen eta hortik aurrera joan-etorriko neurketa batean gozatzeko parada izan zuten Iurgi Caminosenek. Neurketa hartako ezaugarrienetako bat da talde guztiak jarri zuela bere harritxoa bidea errazago egiteko. Azken partiduetan ere berdina gertatu da. Bai Oviedoren aurka eta baita Clínicas Rincónen aurka ere jokalari guztiek bere rola bikain bete dute taldearen onura bilatuz. Hori izango da gakoetako bat, neurketaren erritmoaren jabe egin ahal izateko eta partidua kontrolpean eramaten saiatzeko. Badirudi gainera, Joseba Ibargutxi, pixkanaka bere lesiotik osatzen dabilela eta minutu batzuetan behintzat beste baliabide izango duela bere entrenatzaileak, nahiz eta Pantin duda izango den azken unera arte gripeak jota baitabil. Kontutan hartuta jardunaldian egongo diren neurketak, garrantzia berezia hartzen du Azpeitia Azkoitia ISBk garaipena lortzea, izan ere, sailkapenean gora egiteko aukera bikaina izango du, lehen postura oraindik eta gehiago hurbilduz.

Jarraian Iurgi Caminosek neurketaren aurretik esandakoak:

- Azken bi asteetan lortutako bi garaipen handiak eta gero, sailkapenean gora egiteko beste partidu bat al da hau?
“Hazte eta hobetzen jarraitu beharra daukagu. Aurreko astean Malagan neurketa gogor bat aurrera ateratzeko aukera izan genuen, baina akatsa batzuk ere burutu genituen eta horiek hobetzea da gure helburua. Beraiek ez zuten egunik onena izan erasoan eta horrek ahalbidetu gintuen partidua kontrolpean edukitzea. Sailkapenari ezin diogu begiratu eta hurrengo partidua irabazteko ahalik eta hobeen egotea da gure pentsamendu bakarra. Gorago edo beherago bukatzea beste emaitza batzuen baitan ere egongo da”.

- Castellokoak behe aldean dabiltza baina beti borrokatzeko prest azaldu dira.
“ Uste dut sailkapenak ez duela justizia egiten beraiek erakutsi duten jokoa ikusita. Lehen jardunaldietan kosta egin zitzaien txapelketara egokitzea baina lortu zutenetik beti oso lehiakor agertu dira eta momentu askotan zorte puntu bat ere falta izan zaie. Partidu asko galdu dituzte puntu diferentzia gutxigatik, aurreko astean Oviedon gertatu zen moduan, ligako talderik onenaren aurka zein baino zein ibili eta gero”.

- Victor Hidalgo, David Ortega, Albert Ausina... beraien barruko jokoa gelditzea izango ote da gakoa?
“Barruko hirukote hori garantiazkoa da bai, ligan esperientza handia dutenak dira eta urte zoragarria burutzen dabiltza, baina beraiengan bakarrik pentsatzen baldin badugu, ziur Parejok, Castellok edota Floresek mina egingo digutela, kanpotik ere puntuak batzen iaioa den talde bat baita. Erasoan errekurtso askoko taldea da eta erritmo bizi jokatu ohi duena, baloi jabetza oso motzekin”.

- Joaneko neurketan denboraldiko puntu errekorra lortu zenuten. Puntu askoko beste neurketa bat espero duzu?
“Neurketa itxiago bat espero dut, orduan guk azkar ihes egin genuen markagailuan eta joan-etorriko partidu bihurtu zelako ordutik aurrera egon ziren horrenbeste puntu. Beraiek defentsako lana asko hobetu dutela uste dut eta urte hasieran baino hobeto ixten dituzte zuloak. Ezin dugu pentsatu horrenbeste puntu sartuko ditugunik eta erritmoaren jabe egiten saiatu beharra daukagu”.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide