Hirugarren garaipena jarraian

Sein Mutilak ISBk 55 eta 63 irabazi zuen Atco. San Sebastian Igaratzaren kantxan.
Argazkia: Iraurgi SB
Argazkia: Iraurgi SB

Junior Mutilak. Garaipenak batzen jarraitzen ditu Sein Mutilak ISBk. Azken 14 partiduetatik hiru besterik ez ditu galdu, baina horrek ez du esan nahi jokatzen duena baino hobeto egin ez dezakeenik. Izan ere, partiduro-partiduro onenaren eta txarrenaren kapaz direla erakusten du. Horren azken adibidea Atco. San Sebastian Igaratzaren kantxan eman zuen. Lehen zatian ia neurketa erabakita uztetik, azken laurdenean sufritzera pasa ziren Bellosoren mutilek. Hori bai, sufrituta ere, berriz ere garaipenarekin bueltatu ziren etxera eta bigarren postuan sailkatuta jarraitzen dute.
Sentsazioak berreskuratu nahian joan ziren Aieteko kiroldegira Iraurgikoak, baina neurketa osoan aurretik ibili arren, ez zuten guztiz lortu. Hasieran errenta handitzen joatea nahikoa erraz lortu zuten. Hutsak huts eta defentsako lan bikaina egin ez arren, kontrarioak baino gehiago zirela erakutsi zuten eta bigarren laurdeneko zazpigarren minuturako neurketa osoko abantailarik handiena lortu zuten: 18 puntukoa hain zuzen ere (21-39).
Baina denboraldian zehar hainbatetan gertatu moduan, abantaila handiak lortzearekin ez zuten nahikoa izan, etxekoek hirugarren laurdenean ia neurketa iraultzea lortu baitzuten. Errenta handiak lortutakoan, erraz irabaziko dutelakoan edo, intentsitate jaitsiera bat egoten da taldean, eta orain arte askotan gertatu ez bazaie ere, batzuetan ordaintzen amaitzen dute. Neurketa amaitzeko lau minuturen faltan Atco. San Sebastianeko mutilek markagailua berdintzea lortu zuten. Seineko entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen gauzak zuzentzen saiatzeko eta taldeak ondo erantzun zuen. Bi minutuan berriz ere errenta polita zabaldu zuten eta azkenerako 55 eta 63 irabazten amaitu zuten.
Aurreko astean taldeak erregulartasuna bilatu beharra zeukala esaten genuen eta hurrengo asteburuan hori lortzeko beste aukera bat izango dute Bellosoren mutilek, azken sailkatuaren kontra jokatzen baitute Azpeitiko kiroldegian.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide