Aurreneko helburua lortuta

Astigarragari 75 eta 53 irabazi eta gero, Zurt Taberna ISB birtualki salbatuta dago.
Argazkia: Iraurgi SB
Argazkia: Iraurgi SB

Nesken Lehenengo Maila. Larunbatean Astigarragari irabazi eta gero, 6 neurketako diferentzia eta basketaberagea ateratzen dizkio Zurt Tabernak talde honi denboraldia amaitzeko 7 partiduren faltan. Beraz, esan daiteke birtualki salbazioa lortuta dutela ISBko neskek. Horregatik zen horren garrantzitsua asteburuan jokatu zuten neurketa aurrera ateratzea: irabaziz gero, maila mantentzeko helburua lortuko zutelako. Eta bai ongi lortu ere, 22 puntuko diferentziarekin irabazita.

Hala ere, neurketa oso parekaturik hasi zen. Talde baten saskiratzeari besteak berehala erantzuten zion eta laurden guztian zehar, bai bata eta baita bestea ere, bi puntu goitik edota bi puntu behetik ibili ziren. Bigarren laurdenean ordea etxekoek erakustaldia eman zuten. Dudarik gabe Zurtekoek denboraldi honetan jokatu duten laurdenik onenetako jokatu zuten. Presioa goi-goitik hasita, kontrarioari lana asko zailduz, errebote nahiko ondo itxiz eta kontraerasoan irtenda behin eta berriz, min handia egin zuten, markagailuko alde asko handitu zuten eta neurketa ia erabakita utzi. Aipatzekoa da Berezik izan zuen laurden amaiera ikusgarria, jaurtitako dena sartzeko kapaz izan baitzen eta modu horretara bere taldea 15 puntuko abantailarekin jarri zuen atsedenaldirako.

Bigarren laurdenean ondo egindako dena, gaizki egin zuten hirugarrenean Zurtekoak. Nahiz eta Itsasneren hiruko bati esker 18 puntuko aldea zabaldu, erabaki txarrak bata bestearen atzetik etorri ziren ondoren, eta zortzi minutuan ez zuten punturik eskuratzerik eduki. Momentu oro kanpotik jaurtiketak bilatuz eta zona barruan baloirik sartu gabe, behin eta berriz huts egin zuten eta Astigarragakoak hamar puntura gerturatu ziren. Laurdenetik laurdenerako atsedena ondo etorri zitzaien Zurtekoei eta ideiak berreskuratuta, berriz ere bigarren laurdenean erakutsitako jokoa ateratzen hasi ziren. Baloiak lapurtuz, errebotea itxiz eta baloia kanpotik barrura eta barrutik kanpora modu egokian mugituta erakustaldia emanez amaitu zuten. Azkenean 75 eta 53, helburua lortzeko modu ezin hobea.

Zorionak neskak!!!

Saskiratzaileak: (17-15/30-17/8-10/20-11)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (11), Berezi (12), Ainhoa (1), Irati (4), Maialen, Intza (8),Itsasne (7), Maite (8), Maitane (10), Itsaso (12), Eider, Aitziber (2).

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide