LEB Plata. Igoerako playoffak lortuta denboraldiko aurreneko helburua poltsikoan dauka Azpeitia Azkoitia ISBk eta orain jokalariek euren buruari beste helburu bat jarri beharko diote: kanporaketetan kantxa faktorea eduki ahal izateko ahalik eta garaipen gehienak batzea eta sailkapenean zenbat eta gorago amaituta, hobeto. Fase erregularra martxoaren 23an amaituko da eta bitarte horretan hiru neurketa jokatu ahal izango dituzte Iurgi Caminosen mutilek. Horietako lehena igande honetan, arratsaldeko 18:00tan, Donostiako Josean Gaska kiroldegian jokatuko duten derbya.
Helburu oso desberdinekin iritsiko dira neurketa honetara bi taldeak: Urola bailarakoek ez bezala donostiarrak putzuan sartuta daude zeharo eta bizirik irauteko derrigorrezkoa dute garaipena. Orain arte 5 neurketa bakarrik irabazi dituzte David Blancaren mutilek (horietako bat Azpeitian) eta Aurtenecheren aurka eskuratutako garaipenaren ondoren, porrotak batu dituzte bata bestearen atzetik. Egoera zailean daude Askatuakekoak, Carlos martinez euren kanpoko erreferentzia nagusia joan zenetik puntuak batzea kosta egiten baitzaie. Zilarrezko Adecco ligan puntu gutxien egiten dituen taldea da (62,3 partiduko) eta baita balorazio gutxien jasotzen duena bataz beste (54,6) baina derbyetan horrek gutxirako balio du eta gainera badirudi ondoko taldeen kontra ondo ematen zaiela donostiarrei, jokatutako 3 derbytatik 2 irabazi baitituzte. Seguruenik donostiarrek erritmo motelean jokatu nahi izango dute, Azpeitian egin moduan, puntu gutxira eta posesio luzeekin. Joko mota horretan oso eroso sentitzen da Jon Santamaria eta hori ekiditea beharko lukete lehen helburu Iraurgiko jokalariek. Santamaria eroso ez baldin badago, Arzallusek, Urtasunek edota Aranburuk egin dezaketen mina murriztu egiten da normalean, eta hori lortu ezkero, asko izango dute irabazita Iurgi Caminosenek.
Zulotik irten edo ia-ia kantxa faktorea ziurtatu. Irabazleak sari handia eramango du. Jende ezagunaren arteko neurketak beti izaten dira bereziak eta horregatik, ziur Gaska kiroldegian jarraitzaile asko elkartuko direla Gipuzkoako Saskibaloiko punta-puntako partidu hau ikusteko, baina gerturatu ezin duten jarraitzaileek GipuzkoSport irrati digitaletik ere neurketa jarraitzeko aukera izango dute.
Jarraian Iurgi Caminosek derbyaren aurretik adierazitakoak:
- Lehen helburua lortuta, hurrengo neurketak playoffak lasai prestatzeko erabiliko dituzue?
“Taldearen helburuak berdina izaten jarraitzen du: ahalik eta garaipen gehien batu eta ahalik eta goren amaitu kantxa faktorea alde izateko bai lehen kanporaketan eta zergatik ez hurrengo batzuetan ere bai. Denboraldiko momenturik garrantzitsuenean gaude eta ezin dugu ezta segundo batez ere erlaxatu”.
-Nahiz eta beraiek garaipen behar izugarria duten, Askatuakekiko nolabaiteko errebantxa nahia ere egongo da, ezta?
“Ez dut uste errebantxa nahia inorekin izan behar dugunik. Lehen itzuliko neurketan ez genuen jakin partidua puskatzen gainetik egon ginenean eta azkenean ordaintzen amaitu genuen, partidu amaieran beraiek asko asmatu baitzuten. Derbya izan arren guk gure pentsaera berdinarekin jarraitu behar dugu, beste partidu bat balitz bezala hartu eta garaipenaren bila borrokatu. Guretzat oso garrantzitsua da, ahalik eta goren amaitu ahal izateko sailkapenean”.
- Carlos Martínez joan zenetik saskiratzaile bat falta zaiela dirudi. Taula azpiko euren bi erreferentziak gelditzearekin nahikoa izango da?
“Carlosen bajak kirol erreferente bat galtzea ekarri die, baina batez ere lehiakortasun goseari dagokionean. Hala ere, uste dut barruko euren jokalariak baino, Jon Santamariaren jokoa gelditzen jakin behar dugula. Azpeitiko neurketan oso eroso ibili zen bere taldea gidatzerako orduan, eta eroso badago, ligako joko antolatzaile onenetakoa da. Arzallus eta Aranburu oso jokalari garrantzitsuak izaten dabiltza euren jokoan, baina Del Valle, Urtasun edo Casanova libre utziz gero, ziur min egingo digutela”.