LEB Plata. Bi neurketa besterik ez dira gelditzen 2012-13 Zilarrezko Adecco ligako fase erregularra amaitzeko eta azkenengoa izango da etxean Azpeitia Azkoitia ISBrentzat igoerako kanporaketak hasi baino lehenago. Aurreko astean gipuzkoarren arteko derbya galdu eta gero, minduta daude Iurgi Caminosen mutilak eta zaleei denboraldiko hamaikagarren garaipena eskaini nahi die. Aurrean, dagoeneko matematikoki azkena geldituko den Kanaria Handia 2014. Sailkapenari begiratuz gero, neurketa erraza beharko luke, baina, kanariarrak inolako presiorik gabe etorriko direla kontutan hartuta eta joaneko partiduan gipuzkoarrak garaitzeko kapaz izan zirela jakinda…
Gainera Pablo Melo entrenatzaile gaztearen taldean, pasa den jardunaldiko MVP-ak jokatzen du. Walter Tavares Cabo Verdeko jokalaria Kanaria Handikoen harrobiko harribitxi nagusienetakoa da. Pedro Martinezek lehen taldearekin entrenatzera eraman du eta dagoeneko sei partiduetan jokatu du lehen taldearekin Endesa Ligan. Bere 2 metro eta 20 zentimetro luzeekin, ligako jokalari altuena da eta aurreko asteburuan, Oviedoren aurkako neurketan 20 erreboterekin ligako errekorra lortu zuen, 39ko balorazioarekin amaitzeraino. Baina Tavaresek bakarrik ez du jokatzen taldean. Añaterve Cruz Tenerifeko jokalari ohiak jartzen ditu puntuak eta Juanmi Moralesek adibidez, 13 minutuan sarraskia egin zien joaneko partiduan Iraurgikoei. Eta suposatzen da, denboraldia amaitu aurretik euren zaleei garaipen bat gehiago eskaini nahi izango dietela, beraz duten guztia emango dute gipuzkoarrei gauzak zail jartzeko.
Azpeitia Azkoitia ISBkoek bien bitartean beste garaipen bat bilatzen dute igoerako kanporaketetan kantxa faktorea izateko borroka horretan. Bihar irabazi ezkero, ia lortuta edukiko luke helburu hori, beraz Iurgi Caminosenek duten guztia emateko prest agertuko dira. Aurreko astean ez zuten neurketa ona jokatu eta zale asko Donostiara gerturatu zirela jakinik, euren maila eman nahi izango dute zaleen aurrean. Horretarako talde lana berreskuratzea garrantzitsua izango da, bigarren itzulian edukitako sentsazio onak berriz ere eduki ahal izateko eta playoffetara begira ahalik eta hobeen iristeko.
Azpeitiko kiroldegiko harmailak berriz ere beteta egotea espero da, fase erregularreko azken neurketa izango baita biharkoa. Hala ere, GipuzkoaSport irrati digitaletik neurketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da beste behin ere.
Jarraian Iurgi Caminosek adierazitakoak:
- Fase erregularreko etxeko azken neurketa. Garaipenak batzen jarraitzeko beste aukera bat?
“Hori horrela izateko lan egingo dugu. Aurreko igandean galdu eta gero, eta kontutan edukita Azpeitiko jende mordoa gerturatu zela Donostiara gu jokatzera ikustera, uste dut poz bat eman behar diegula eta neurketa on bat jokatu behar dugula. Gainera taldeak bigarren itzulian zehar erakutsi duen joko ona berreskuratu beharra dauka liga amaierari eta playoff hasierari ahalik eta modu onenean aurre egin ahal izateko”.
- Kanaria Handikoak jadanik jaitsitako taldea da. Hori ona da edo presiorik gabe iritsiko direla kontutan hartuta, txarra?
“Hori beraien araberakoa izango da. Guk euren arriskuaren berri badakigu lehen itzuliko neurketatik. Orduan Cristian Diazek jokatu zuen eta Tavares lesio batetik irten berri zegoen, baina erritmo eta fisiko handiko taldea zirela erakutsi zuten. Seguruenik jokalari eta entrenatzaile guztien urguilua tarteko liga beste garaipen batekin amaitu nahi izango dute”.
- Zer konta gaitzakezu Zilarrezko Adecco ligako azken MVP-ari buruz?
“bide motza egin duen jokalaria da. Saskibaloian berandu hasi zen eta iaz Urrezko LEB ligako UB La Palman apenas jokatu eta gero eta aurre-denboraldian min hartuta egon eta gero, Pedro martinezek Endesa ligako taldeko lan dinamikan sartu du eta horregatik Zilarrezko Adecco ligan bi neurketa bakarrik jokatu ditu. Argi dago bere 220 zentimetroak jokalari moduan izan daitekeenaren aurkezpen ona direla, zona barruan kontrarioak beldurtu ditzakeena eta uztaitik gertu nagusi bihurtu daitekeena”.
- Uztai azpian Tavares edo Samu Dominguez bezalako jokalariak dituztela jakinik, zona barruan erabakiko da neurketa?
“Ez dut uste zona barruko jokoari bakarrik jarri beharko geniokeenik arreta, izan ere, Fabio Santana edota Añatarve Cruz kanpoko jokoan talentu asko daukaten jokalaria dira eta bakarrik utzi ezkero min handia egingo digute. Uste dut gakoa gu geu izatean datzala, gure jokoan freskotasuna erakusten baldin badugu eta defentsan bizi eta solturarekin jokatzen badugu zaila izango da garaipenak ihes egitea”.