Liga erregularra amaitzeko beste derby bat

Azpeitia Azkoitia ISBk, bihar 20:00tan, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian jokatuko du igoerako kanporaketen aurretik azken neurketa Aurteneche Maquinaria Euskadiren kontra.
Argazkia: Iraurgi SB
Argazkia: Iraurgi SB

LEB Plata. Bigarren itzuli bikaina jokatu eta gero, azken bi asteetan neurketa txarrak jokatuta galdu eta zapore gazi-gozoa utzi du Azpeitia Azkoitia ISBk zaleen artean. Igoerako kanporaketak lotu eta kantxa faktorearen bila hasi behar zutenean, lehen postuengatik borrokatzera eraman dituen jokoa desagertu egin da Iurgi Caminosen taldetik. Jokalariek badakite hori eta horregatik amorru biziz hartuko dute fase erregularrari amaiera emango dion neurketa. Partidu berezia izango da gainera: Aurteneche Maquinaria Euskadiren aurkako derbya.

Badirudi derbyetan maldizioa daukala Iraurgi aurten, jokatu dituen hiruretan galdu egin baitu. Batzuetan gaizki jokatuta, bestetan zorte faltagatik agian, baina derby hitzak ez dio onik egin orain arte. Aurtenecheren aurka Azpeitian jokatutakoan adibidez, nagusi izan ziren 30 minututan, baina azken laurdenean erasoko jokoan ideiak galduta eta defentsan errebotea zaindu ezean ibili eta gero, Iñaki Merinorenek buelta eman zioten neurketari, batez ere Ilimane Diopek taula azpian egindako sarraskia eta gero. Baskoniako harrobiko harribitxia baina ez dago Araberrin dagoeneko. Gasteiztarrek ere Ales Arcelusen baja daukate, denboraldia amaitu arte min hartuta. Hori dela eta, harrobiko jokalari pare bat igo behar izan dute lehen taldera. Hala ere, esperientzia eta kalitate handiko jokalariak izaten jarraitzen du bere esanetara Iñaki Merinok: Hedgepeth, Buesa, Forbes, Alvarado… Gipuzkoarren antzera, arabarrek ere azken bi neurketak galdu dituzte eta hori dela eta, igoerako kanporaketetan kantxa faktorea edukitzeko aukerarik gabe gelditu dira. Beraz, irabaziz gero, seigarren amaituko dute, gipuzkoarrak zazpigarren postura bidalita.

Azpeitia Azkoitia ISBk bien bitartean, hirugarren postuan edota zazpigarrenean amai dezake. Irabaziz gero, ziur izango du kantxa faktorea alde lehen kanporaketan eta amaituko duen postua, beste emaitza batzuen menpe egongo da. Galtzen badu berriz, zazpigarren amaituko du eta igoerako kanporaketetako lehen neurketa etxean jokatu beharko du seguruenik, Guadalajararen edo Clinicas Rinconen aurka. Beraz, badaezpada beti hobe irabaztea. Batetik derbyetako malefizioa apurtzeko, eta bestetik playoffetako bigarren partidua etxean jokatu ahal izateko, zaleen babespean. Horretarako baina, taldeak azken bi partiduetan erakutsitako jokotik aldendu eta sentsazio positiboak berreskuratzen hasi behar da. Talde jokora itzuli eta kanpoko eta barruko erreferentziak ziren jokalariak berriz ere aurkitu. Igoera kanporaketetara moralki modu onenean heltzeko garaipen garrantzitsua litzateke beraz Aurtenecheri irabaztea.

Jarraian Iurgi Caminosen hitzak:

- Bi porrot jarraian jaso eta gero, hurrengo neurketa gogo gehiagorekin hartzen al da?
“Amorru gehiagorekin hartzen da. Taldea denboraldiko bigarren zati bikaina egiten zebilen eta azken bi neurketa hauek direla eta taldeak erakutsi nahi du ordura arte uzten zebilen sentsazioa ez zela kasualitate hutsa. Derbya galdu eta gero, pasa den ostiralean neurketa hasieran hotz irten ginen eta gure jokoa abiaraztea kosta zitzaigun, baina bigarren zatian ikusi zen besoak jaisten ez ditugun talde bat garela eta atzetik joatea ordaindu bagenuen ere, gehiegi ez genuelako asmatu, atzean gauzak txukun xamar egin genituen”.

- Hala ere, derby bat tokatzen da. ISBrentzat derbyen maldizioari buruz hitz egin daiteke?
“Ez, ez dut maldizioetan sinesten. Kasualitatea izan da. Joaneko Araberriren aurkako neurketan adibidez maila altuko 28-30 minutu jokatu genituen eta azken laurdenean erasoan trabatu egin ginen eta beraiek erasoko errebotean min egiten hasi ziren eta horrek eraman gintuen porrotera amaieran”.

- Hirugarren edo zazpigarren ere amai dezakezue. Horrek erakusten du ligan dagoen berdintasuna ezta?
“Argi eta garbi uzten duen datua da hori. Bederatzi porrot daramatzagu denboraldian eta horietati sei 5 puntu edo gutxiagogatik izan dira. Sei neurketa azken minutura arte garaipen aukerekin egon garenak eta azkenean, zorte txarragatik edo erabaki okerrak hartu izanagatik galtzen amaitu ditugunak. “neurketa parekatu” horietako sailkapenean oso kaltetuta atera gara eta sei horietatik pare bat soilik irabazi bagenitu gorago amaituko genuke”.

- Joaneko partidutik aldaketa asko egon dira talde arabarrean. Zein izango da Iñaki Merinorenei irabazteko gakoa?
“Gure taldearentzat gakoa sentsazio onak berreskuratzea izango da. Erasoan genuen joko alaia galdu dugu azken bi partiduetan eta izan ohi ditugun zenbakietatik oso urrun amaitu dugulako galdu ditugu neurketa horiek. Sentsazio onak berreskuratzen baditugu ziur naiz garaipenak ez digula ihes egingo”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide