Eta zergatik ez?

Azpeitia Azkoitia ISBk igandean 18:00tan hasiko ditu Clinicas Rinconen aurka igoera kanporaketak Azpeitiko kiroldegian.
Argazkia: Luis García
Argazkia: Luis García

LEB Plata. Denboraldi osoan borrokan egon dira jokalariak une honetara iristeko. Iritsi dira dagoeneko urrezko LEB ligara igotzeko kanporaketak, eta etxean hasiko ditu jokatzen Azpeitia Azkoitia ISBk. Fase erregularreko azken hiru neurketak galdu eta gero, zazpigarren amaitu dute Iurgi Caminosenek eta hori dela eta kantxa faktorea kontra izango dute kanporaketetan. Hala ere, final-laurdenak joan-etorriko kanporaketa bat izango dira eta horrek kantxa faktorearen garrantzia zertxobait murrizten du. Zailtasuna aurkarian edukiko du Iraurgik, Clinicas Rincon Unicaja garaitzea ez baita bat ere erraza izango.

Baina positibo pentsatzeko arrazoiak ere badaude. Batetik, Azpeitia Azkoitia ISB da, igoera kanporaketak jokatuko dituzten zortzi taldeetatik, garaipen-porrot balantze onena daukana, CB Prat-ekin eta igandean izango duen aurkariarekin batera: bederatzi garaipen eta 5 porrot. Bestetik, seigarren jardunaldian etxean Malagako taldearen aurka 4 puntugatik galdu arren, azken unera arte ez zen partidua erabaki eta gainera, itzuliko neurketan, seguruenik ISBk denboraldian zehar jokatutako neurketari onenetako batean, 20 puntuko aldeaz (57-77) irabazi zieten gipuzkoarrek andaluziarrei. Egia da halaber azken hiru partiduak galdu dituztela Azpeitia Azkoitia ISBkoek eta gainera ez dutela euren jokorik onena erakutsi horietako bitan behintzat, bigarren itzulian izandako sentsazio positibo guztiak, bat-batean galduz. Baina agian horregatik, jokalariek gogo gehiago erakutsi nahi izango dute. Beraz, eta zergatik garaipena lortu zergatik ez?

Hala ere, ezin da ahaztu Clínicas Rincón talde handia dela, agian maila honetako handienetakoa. Unicajako harrobiko harribitxi guztiak daude bertan, Sabonis anaietatik hasita, MalicK Fall pibotetik eta Dejan Todorovic hegalekotik pasa eta Pepe Pozas edo Alberto Díaz joko antolatzaileetara iritsi arte. Jokalari gazteak oso, baina kalitate handikoak. Azpeitian jokatu zuten neurketan gainera esperientzia ere badaukatela erakutsi zuten, neurketa oso parekatu batean, etxekoen bultzada guztiak gelditzen jakin izan zutelako, momentu aproposenean mahai gainean kolpea jo eta garaipena etxera eramaten amaitzeko. Urrezko LEB ligatik jaitsitako taldea da eta berez, bere helburu garbiena bertara bueltatzea dauka. Kontra ere baditu gauza batzuk baina. Euren etxean sekulako astindua jaso zuten Azpeitia Azkoitia ISBren kontrako neurketan eta horrek erakusten du gipuzkoarrek badakitela non egin behar duten min. Eta gainera zalantzan dago, Alberto Díaz (Azpeitiko neurketan erabakigarria suertatu zen jokalaria) eta Dejan Todorovic (taldeko saskiratzaile nagusia) neurketara etorriko diren, litekeena delako, lehen taldeak dituen bajak ikusita, Unicajarekin joan behar izatea Endesa ligako neurketa disputatzera. Eta kontutan izanda, bi erreferentzia nagusienak direla taldean, Francis Tomérenek nola erantzungo duten ikusi egin beharko da.

Neurketak duen garrantzia azpimarratzeko beharrik ez dago. Asko dago jokoan eta horregatik, klubak zaleen babesa eskatu du behin eta berriz, kiroldegia betetzea ezinbestekoa izango baita jokalariei azken bultzada eman ahal izateko. Horregatik ISB tabernan tragoa hartzen duenak partidurako sarrera bat dohain jasoa ahal izango du. Harmailak gainezka ikustea polita litzateke eta ziur zaleek ez dutela huts egingo, baina bada partidua zuzenean jarraitzeko beste aukerarik ere, GipuzkoaSport irrati digitalak neurketa zuzenean kontatuko baitu.

Jarraian Iurgi Caminosek kanporaketa honetako lehen neurketarako adierazitakoak:

- Denboraldi guztian zehar borrokatu duzuen momentu honegatik. Nola dago taldea?
“Igandea heltzeko deseatzen. Azken neurketa jokatu genuenetik denbora asko pasa da eta momentu batzuetan oso luze egin zaigu. Azken asteetan arazo fisiko batzuk izan dituzten jokalariak sasoi puntu onean jartzeko aprobetxatu ahal izan dugu tarte hau eta neurketari begira guztiak %100ean egotea espero dut”.

- Pratekin eta zuen hurrengo aurkariarekin batera, garaipen-porrot balantze onena daukazuen taldea zarete. Hori seinale ona da ezta?
“Gaitasuna eta lehiatzeko maila eta baita gorago amaitzeko aukera ere izan dugula erakusten du horrek. Bost puntuko margenaz zazpi partidu galdu izanak sailkapen orokorrean nahiu baino beherago amaitzea eragin digu, baina horrek ere erakusten du gu garaitzea ez dela bat ere erraza eta ez dugula sekula etsitzen”.

- Kantxa faktoreak garrantzia izango zuela zirudien, baina joan-etorriko kanporaketa batean horrenbesteko garrantzia al dauka?
“Argi dago, kanporaketa zenbat eta luzeagoa izan orduan eta garrantzia handiagoa hartzen du kantxa faktoreak. Joan-etorri honetan non jokatu baino, 80 minutuetan erregulartasun gehien erakusten duenak markatuko du diferentzia, jokatuko diren zortzi laurdenetatik bakarrean bada ere edozein despiste izanez gero, garesti ordainduko delako. Guk oraingoz daukagun helburu bakarra, igandean garaipena lortzea da”.

- Clinicas Rincon ondo ezagutzen dugu, baina litekeena da Alberto Diazen bajarekin iristea. Azpeitian erabakigarria izan zen jokalariaren bajak eragin handia izan dezake talde honetan?
“ez dut uste erabakigarria izango denik, talde luzea eta ondo osatua baitute. Gainera Albertok jokatu ez dituen neurketa batzuek irabazi dituzte baita galdu beste batzuek bera kantxan egonda. Etorkizun handia duen jokalaria da, baina bera ez dagoenean, Pozasek, Todorovicek edo Condek beste erantzukizun bat hartzen dute. hauek playoffak dira, eta jokatzen duenak jokatzen duela, kantxan egoten den minutuetan duen guztia emango du”

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide