Nesken Lehenengo Maila. Behin aurreneko postuetako aurkari gogorrak pasa eta “bere ligako” aurkariei berriz aurre egiten hasita, garaipenak bueltan dira Zurt Taberna ISBrentzat. Gainera, DPI Cambiori irabaztea lortu zuten, beraiek baino garaipen bat gehiago zutena eta normalean gainera Azkoitian irabazle irten ohi den taldea. Dagoeneko bederatzigarren garaipena batu dute honenbestez Iraurgikoek eta ikusita denboraldia amaitzeko gelditzen zaizkien hiru neurketak, ez dute zifra horretan gelditu nahi.
Bederatzigarrena lortzea baina askotxo kosta zitzaien. Izan ere, kanpotarrak oso gogor hasi zuten neurketa. Hiru eraso eta hiru hiruko jarraian. Zurtekoek ez zekiten nola gelditu donostiarren eraso jokoa eta segituan 12 puntu goitik jarri ziren DPI Cambiokoak. Laurden amaierarako Zurtekoak esnatzen hasi ziren eta ordura arte izandako arazoak konpontzen hasi ziren gutxika-gutxika. Hala ere, 8 puntu goitik amaitu zuten kanpotarrek. Etxekoek baina, kanpotarren lehen kolpeari aurre egiteko kapaz zirela erakutsi nahi zuten eta defentsa gogortuz eta erasoan, baloiak zona barrura sartuz, aldeak murrizten hasi ziren. Atsedenaldira bi puntu azpitik bakarrik iritsi ziren, bizi-bizi zeudela erakutsita: 29-31.
Atsedenalditik bueltan garbi gelditu zen bi taldeen arteko parekotasuna. Donostiarrak zonakako defentsan jarri ziren eta etxekoek arazoak izan zituzten uztairako bidea aurkitzeko. Baina beste uztaian ere Zurtekoek sekulako defentsa erakutsi zuten eta kontrarioei saskiratze errazik lortzen ez zieten utzi. Laurdena amaitzeko bi minutu faltan kanpotik asmatzen hasi ziren etxekoak eta hiru hiruko jarraian lortuta, hiruko abantaila zuela heldu zen azken laurdenera Zurt Taberna ISB. Beraz, azken minutuetan erabaki zen guztia. Zurtekoek aurre hartu eta gero ez zioten abantaila hori galtzeko asmorik eta oso serio jokatuaz markagailua kudeatzen jakin izan zuten. Ez hori bakarrik aldea zabaltzen ere hasi ziren, zazpi puntura iritsi arte. Baina dena kontrolpean zegoela zirudienean, zoritxarrez, Itsaso Astigarragaren lesioa etorri zen eta donostiarrek egoera hori aprobetxatu zuten bi hiruko jarraian lortuta puntu batera gerturatzeko. Baina burua hotz eduki zuten azken minutuan etxekoek eta jaurtiketa libreak asmatuaz, garaipena etxean utzi zuten.
Saskiratzaileak: (12-20/17-11/16-11/18-17)
ZURT TABERNA ISB: Garazi (17), Berezi (3), Ainhoa, Irati (2), Maialen, Intza (13), Itsasne (12), Maite (6), Maitane (7), Itsaso (3), Aitziber