Azpeitia Azkoitia ISBk Guadalajaran hasiko du liga larunbatean 18:30tan eta aurre-denboraldian utzitako sentsazio positiboekin jarraitzea eta liga garaipenarekin hastea du helburu.
LEB Plata. Heldu da eguna. Larunbatean hasiko da liga Azpeitia Azkoitia ISBrentzat Guadalajaran. Aurre-denboraldian oso sentsazio positiboak utzi ditu Iker Buenoren taldeak, baina lagun artekoek gutxirako balio dute orain. Lehiaketa hastear dago eta orain da momentua kantxa gainean ikasitako guztia plasmatzeko. Denboraldi hasiera zaila izango du Iraurgik. Batetik, kontrario gogorrei aurre egin behar izango baitie lehenengo lau jardunalditan, lehen postuan amaitzeko bi faborito nagusien aurka jokatu beharko baitu, Palma Air Europa eta Amics Castelló. Bestetik, taldeak oraindik akats batzuek dituelako zuzentzeko eta zenbait jokalari arazo fisiko batzuekin helduko baitira lehenengo zitara.
Guadalajaran liga hastea ez da mauka izango gainera. Gaztelarrak lehen postuetan ibili ziren iaz denboraldi osoan. Hala ere, guztiz eraberrituta datorren taldea da, iazko taldetik Medorik bakarrik jarraitzen baitu. Entrenatzailea ere berria da, Javi Juarez. Baina, Guadalajarak jakin izan du EBA ligatik datozen gazte gosetsuak, esperientzia handiko jokalariekin uztartzen. Besteak beste Salsón edo Lázaro bezalako esperientziadun jokalariak daude talde honetan, logikari jarraituz jokoaren pisua eramango dutenak (bai denboraldi hasieran behintzat), baina Iker Buenorenek ere adi egon beharko dute Sergio Vidal edo Javier Gonzalez bezalako jokalariak gelditzeko.
Neurketak oso interesgarri dirudi, biak ala biak defentsa gogorrean eta erasoko joko azkarrean oinarritzen baitute euren jokoa. Beraz garrantzitsua izango da, talde batasuna erakustea. Aurtengo Azpeitia Azkoitia Iraurgik badauka horretan abantaila txiki bat, Lander Lasak, Beñat Barberenak, Imanol Zubizarretak, Ibon Guridik eta Joseba Ibargutxik denbora dezente daramatzate eta elkarrekin jokatzen. Ander Arrutik ere hauetako batzuekin topo egin du euskal Selekzioan eta badirudi Gedeminas Zyle, Fede Uclés, Xavi Assalit eta Pape Sow ondo egokitu direla taldera. Iker Buenorentzat ere debuta izango da lehen entrenatzaile gisa, baina orain arte erakutsi du ideiak oso argi dauzkala eta badakiela nola nahi duen bere taldeak jokatzea. Orain, jokalariek ere ideia horiek ondo barneratu dituzten ikustea bakarrik falta da. Aurre-denboraldian erakutsitakoaren arabera baietz dirudi, baina denboraldia orain hasten da eta hasiera gogorrak beti izaten dira leunagoak garaipen batekin lagunduta baldin badatoz.
Jarraian Iker Bueno, Azpeitia Azkoitia ISBko entrenatzaileak partiduaren aurretik adierazitakoak:
- Dagoeneko heldu da eguna. Zer sentsazio dituzu?
“Gogo biziz lehiatzen hasteko. Denboraldi hasierako sentsazio ohikoak ditut, egin dugun eta egiten hari garen lanarekin eta osatu dugun taldearekin erabat sinisten dut. Sentsazioak onak dira bai taldearenaketa bai nireak ere, baina orain iritsi da ordua gure maila eta eginiko lana kantxan erakusteko.”
-Taldeak itxura ona eman zuen azken test-ean, baina denboraldi hasiera ez da bat ere erraza, ezta?
“Taldeak bere nortasun eta identitateari eutsi behar dio, hori izango baita gure saskibaloiaren oinarria. Esfortzuan, eguneroko lanean, ilusioan eta anbizioan oinarritzen dena. Egia da taldeak itxura ona eman zuela azkeneko partiduetan baina egia da baita ere akatsak eta hobetu beharreko gauza asko utzi zituela agerian. Ezin gara konformismoan erori, ezin dugu talde konformista bat izan. Ondo eginikoari eutsi eta gaizki eginikoa hobetzea izan behar dugu helburu. Aurreko astekoak motibatzeko balio behar digu eta lanean gogotsu jarraitzeko
4. urtea izango da hau niretzat Zilarrezko LEB liga honetan eta denak izan dira hasiera zailak: talde kopuruak zehaztu gabe zeudelako, diru arazoak, jokalari aldaketa asko… baina ligako talde guztientzat bezala, zailtasun guztia hauek ez dute arazo izan behar gure mailarik onena emateko lehenengo partidutik. Ohikoak diren gauzatzat hartu behar ditugu eta lanean gogor jarraitu”.
- Guadalajara iaz goiko postuetan ibili zen taldea da. Aurten ere goian ibiliko delakoan zaude?
“Aurtengo taldeak ez du zerikusirik aurreko urtekoarekin. Iazko taldetik jokalari bat baino ez da gelditzen, Medori, eta entrenatzailea bera ere berria da. Goiz da oraindik nor ibiliko den goian eta nor behean esateko, baina bai esan ahal dut liga oso lehiakorra eta parekatua izango dela, talde guztiek kalitate askoko jokalariak dituztelako (Guadalajara bera barne) eta gure onena eman beharko dugula partidu bakoitza aurrera ateratzeko”.
- Zein jokalari nabarmenduko zenuke eta zein izan daiteke garaipenerako gakoa?
“Taldea bera ikusten dut sendoa, oso talde konpentsatua. Bai barneko zein kanpoko jokalariak dira onak. Alde batetik Salson edo Lazaro bezalako jokalariak, LEB ligatan urte askoan jolasten ibili direnak, kalitate askoko jokalariak, aski ezagunak. Eta bestetik, azken urtean EBAn onentsuenak izan diren jokalari gazteak, maila bat gorago jokatzean gauzak ongi egin nahiko dituztenak, Edu Duran edo Sergio Vidal, besteak beste.
Garaipenerako lehian egon nahi badugu, gakoa gure defentsako lanean egongo da, intentsitate eta oldarkortasun handi atera beharko dugu lehen minututik eta guk nahi dugun erritmoa eman partiduari. Horrez gain erreboteko lan ona ez, baizik eta bikaina egin beharko dugu partidua aurrera atera ahal izateko”.