Azpeitia Azkoitia ISBk, igandean 18:00tan, denboraldiko lehen partidua jokatuko du etxean, Castelló talde boteretsuaren aurka lehen garaipena biltzeko asmoz.
Argazkia: Ausina saskiratze saiakaeran (P. Cándido)
LEB Plata. Ez dauka denboraldi hasiera xamurra Azpeitia Azkoitia ISBk, jokatu behar dituen lehen lau partiduetan goi aldean egongo diren taldeen aurka jokatu beharko baitu. Aurrenekoan, porrotarekin itzuli ziren Guadalajaratik, nahiz eta lehen zati eskas batetik errekuperatzen jakin izan zuten eta garaipena lortzeko puntuan egon ziren. Iker Buenoren mutilek ikasi zuten pasa den astean zein garesti ordaintzen diren akatsak zilarrezko LEB ligan, baina ikusi ahal izan zuten baita ere, euren izaera kantxa gainean mantenduz, talde lehiakorra bihurtzen direla eta garaipenetik gertuago ibiliko direla. Porrotak sekula ez dira irensten errazak izaten, baina printzipioz goi aldean ibiliko den talde baten kantxan garaipena lortzeko puntuan egon ahal izateak animikoki bultzada txiki bat eman beharko lieke ISBko jokalariei.
Egia esan hori eta askoz gehiago beharko dute etxean jokatuko duten lehen partidua irabazi nahi badute. Amics Castelló talde boteretsua dator Azpeitiko kiroldegira bisitan igandean, jakitun guztien ustez Urrezko LEB ligara igotzeko hautagai nagusietako bat. Toni Ten-ek zuzentzen duen taldeko “rosterra” ikusiz gero, edozein beldurtu daiteke. Batez ere, zona barrurako dituzten jokalariei so eginez gero. Albert Ausinak bertan jarraitzen du, kapitain lanetan gainera eta bere esperientzia erakusteaz gain, saskibaloian jokatzeko dohain ikaragarriak izaten jarraitzen duela erakutsi zuen aurreko jardunaldian. Ez da lehen aldia jardunaldiko MVP moduan amaitzen duena eta seguruenik ez da azkena izango. Araberriren aurkako neurketan 20 puntu sartu eta 14 errebote eskuratu zituen 36ko balorazioarekin amaitzeraino. Baina neurketa honetan bertan, egon zen beste protagonista bat ere Castellokoen zona barruan: Azpeitiko kiroldegiko harmailak betetzen dituzten zaleek ondo ezagutzen duten Ola Atoyebi. Hegal-pibota taldeko protagonista bilakatu nahian egongo da seguruenik. Iaz, alde batetik bestera ibili arren, behin eta berriz bere maila erakutsi zuen eta aurtengo ligako lehen partiduan ere ez zen atzean gelditu: 17 puntu eta 13 errebote (25eko balorazioa). Hauei Javi Nasarre gehitu behar zaie barruko joko beldurgarria sortzeraino. Iker Buenoren mutilek lan eskerga izango dute beraz hauek gelditzen. Gehiago kontutan hartuta jokalari batzuk ez daudela %100ean.
Otsoa datorrenean etxeko babesa omen da onena eta jokalariek duten guztia baino gehiago emateaz gain, zaleen babesa ezinbestekoa izango da igandean garaipena lortzeko aukera eduki ahal izateko.
Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:
- Lehen partiduan amaiera arte borrokan egon eta gero, taldeak animikoki buelta eman al dio porrotari?
“Galtzeak beti ematen du min, eta gehiago taldeak ez zituelako lehenengo 20 minututan sentsazio onak izan, baina atsedenalditik aurrera gure izaera berreskuratu eta partidua irabazteko puntuan izan ginen. Porrotak jada ez du eraginik animikoki, lanean gogorrago jarraitzeko balio behar digu, akatsak zuzendu eta hurrengo partidua irabaztea dugu buruan.”
- Etxean jokatzeak nolabaiteko plus bat emango du ezta? Edo agian presio pixka bat sortu ere?
“Talde lehiakorra izan behar gara bai etxean eta bai etxetik kanpo, baina egia da etxean gure zaletuen aurrean jolasteak, motibazio puntu bat gehiago ematen digula, etxean sendo izatea lortu behar dugu, eta taldeak badaki zaleen babesa izango duela partiduak aurrera ateratzeko. Ez dut uste etxean jolastea presio bat denik, maila honetan partidu guztiek sortzen dute nolabaiteko presioa, irabazi beharraren presioa, baina taldeak presio horrekin jolasten jakin beharra dauka, goi mailako txapelketa batean lehiakorrak izan nahi badugu.”
- Datorren aurkariak baina ez dirudi lehen garaipena lortzeko errazena.
“Pausoz pauso eta partiduz partidu joan behar dugu, lehenengo egunetik argi utzi nuen ez dela partidu errazik izango, eta noski hau ere ez da horrela izango. Aurreko urtean zituzten jokalari onenez gain, kalitateko jokalariak fitxatu dituzte, eta honi gehitu behar diogu, LEB ligan esperientzia asko duten jokalariak dituztela, Ausina, Alvarado, Ola Atoyebi (aurreko urtean Oviedo eta duela bi gure artean izan genuena)… Talde honi aurre egiteko gure mailarik onena eman beharko dugu, eta esperientzia falta horri, gure gogo eta desioarekin aurre egin beharko diogu.”
- Ausina lehen MVP-a, Ola Atoyebi, Javi Nasarre... barruko jokoa gelditzen jakitea izan daiteke aukerak edukitzeko gakoetako bat?
“Ezin gara itsutu barruko jokoan bakarrik, talde konpentsatua baita, baina bai, egia da barruko jokalariek pisu asko dutela taldean, 42 errebote hartu zituen taldeak, 14 erasoan eta horietatik 23 Ola Atoyebi eta Ausinaren artean bildu zituzten. Beraz, gakoetako bat hori izango da, atzean sendo egon eta bigarren aukerarik ez ematea. Horrez gain beraien jaurtitzaileak partiduan ez sartzea garrantzitsua izango da, horregatik kontzentrazio maila ona mantendu beharko dugu partidu guztian zehar. Erasoari dagokionez, erritmoa eman eta aukera onenak bilatu behar ditugu, baloi galduak kontrolatu eta batez ere ausart eta konfiantzaz jokatu.”