Hegan egin nahi duen aurkaria

Azpeitia Azkoitia ISBk, igandean 17:00tan, Caceresekin batera Urrezko Adecco ligara igotzeko hautagai nagusia den Palma Air Europaren bisita jasoko du.

Argazkia: Palma Air Europa

Argazkia: Palma Air Europa

LEB Plata. Astebeteko atsedena eduki du Azpeitia Azkoitia ISBk lehen bi jardunaldietan jasotako porrotetatik errekuperatzeko. Baita gutxika-gutxika min hartuta egon diren jokalariak bere onera ekartzen joateko. Bi neurketetan eman du amaiera arte aurpegia ISBk baina bietan txanponak beste aldera erortzea nahi izan du patuak. Egia da, gipuzkoarrek egindako huts batzuek horretara ere lagun dutela. Orain egindako hutsetatik ikasi eta aurrera begira jartzea besterik ez dago. Bidea gehiago oker ez dadin aurrerapausoak eman beha ditu taldeak eta edozein oztopori aurre egin diezaiokeela erakutsi.

Aste honetan oztopo handi xamarrari egin beharko diote aurre Iker Buenoren mutilek: Palma Air Europa. Mallorkakoek hegan egin nahi dute Urrezko Adecco ligarantz eta horretarako talde oso aproposa egin dute denboraldi honetan. Barruko joko indartsua, jaurtitzaileak eta talentuz jositako joko antolatzaileak ditu Maties Cerdák bere esanetara. Iaz zuten jokalari onenak mantendu, eta aurten Antonio Pantin edo John DiBartolomeo bezalako jokalariak gehitu dituzte. Pantin aski ezaguna da Azpeitian. Iaz, mailako jokalari onenetakoa dela erakutsi zuen Iraurgiko kamiseta jantzita eta nahiz eta aurtengo denboraldi hasieran Jason Blair-en itzalpean dabilen zona barruan bereak eta bi egiteko kapaz dela ondo daki Iker Buenok. DiBartolomeo NCAAtik datoren jokalaria da, baina Zaragozako CAIk utzita jokatzen ari da Palman. Etorkizunean jokalari garrantzitsua izango delakoan daude adituak, eta lehen jardunaldietan egin duen lana ikusita, ez da harritzekoa. Min hartuta etorriko dira ordea Azpeitiko kiroldegira Palma Air Europakoak, aurreko jardunaldian azken segundoan galdu baitzuten euren partidua Araberriren aurka.

Hala ere, Azpeitia Azkoitia ISBren esku dago Matemalas, Pantin, Blair eta gainontzekoen hegaldia gehiago atzeratzea. Neurketa zaila izango dela jakinda %120a eman beharrean izango dira Iraurgikoak, baina irabazten hastea komeni zaie, azpiko zulotik ihes egin eta goikoekin borrokan ibiltzeko moduko taldea dutela sinesten hasteko.

Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:

- Aste honetako atsedena ondo etorri al zaio taldeari?
“Behin txapelketa martxan hasi eta gero, atsedenaldiak ez dira gustuko izaten baina gure kasuan Lander Lasak min hartu zuenez azken jardunaldian berau berreskuratzeko balio izan digu eta partidua lehiatzeko moduan izatea espero dugu. Horrez gain taldeak lanean jarraitu beharra dauka eta nahiz eta atsedenaldia izan, lagun arteko bat jolastu genuen larunbatean lehiaketak eskatzen duen erritmoa ez galtzeko.”

- Irabazten hastea komeni, taldeak beregan sinesteko ere bai, ezta?
“Asteroko helburua da irabaztea, horretarako egiten dugu lan astean zehar, eta noski, irabazteak ere motibazio eta konfiantza puntu bat gehiago ematen du eguneroko lan horretan. Hori horrela izan arren ezin gara itsutu garaipena lortzearekin bakarrik, gure eguneroko lana egunez egun hobeagoa izatea lortu behar dugu, hori baita bidea igandean garaipena lortzeko.”

- Beste aste bat eta beste aurkari zail bat. Gainera Palma min hartuta etorriko da azken segundoan Araberrirekin galdu eta gero.
“Aurkari guztiak dira zailak eta zer esanik ez Palmaren kasuan, mailaz igotzeko hautagai nagusietako bat baita. Kalitate handiko jokalariz betea dago taldea. Antonio Pantin, Jason Blair edo eta Ivan Matemalas bezalako jokalariak ezagunak dira gure ligan jada eta John DiBartolomeo “rookie”-ak txapelketa bikain hasi du eta zer esan handia emango du txapelketa honetan
Araberriren aurka azken segundoetan galdu ostean garaipenaren bidera bueltatu nahiko dute, baina gu, gure etxean, gure zaletuen aurrean, sendo agertuko gara gure lehen garaipena lortzeko. Lehenengo minututik erakutsi behar dugu nor hari den etxean jolasten, nahiz eta argi dudan gauzak ongi egitea ez dela nahikoa izango partidua aurrera ateratzeko; arlo guztietan bikain haritu beharko dugu partidua irabazteko.”

- Castellók barruko jokotik min egin zezakeela esaten bagenuen, Palmarekin beste horrenbeste esan dezakegu?
“Argi dago barruko jokoan indar asko duen taldea dela, Antonio Pantin, Toni Vicens edo eta Jason Blair bezalako kalitateko jokalariak baititu eta hauek gelditzea eta erreboteko lan ona egitea ezinbestekoa izango da guretzat. Hala ere, badituzte horiez gain beste jokalari batzuk: Ivan Matemalas bezalako jaurtitzaile paregabea, txapelketa hasiera oso ona daramana, eta DiBartolomeu taldearen gidaritza eta erritmoa bikain markatzen hari dena.
Ezinbestekoa izango da partida aurrera ateratzeko kontzentrazio maila 40 minututan mantentzea, azken partiduetako baloi galduen kopurua kontrolatzea, erreboteko lan onari jarraipena ematea eta partiduaren erritmoaren kontrola guk izatea.”

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide