Azpeitia Azkoitia ISBk, larunbatean 18:15tan, CB Praten kantxan jokatuko du azken postua eta aurreko asteetako porrotak atzean uzteko nahiarekin.
Argazkia: CB Prat
LEB Plata. Ez da lehen aldia esaten duguna Azpeitia Azkoitia ISBk oso denboraldi hasiera zailari aurre egin beharrean dagoela. Lehen bost jardunaldietan aurreneko postuetan egotera deituak dauden hiru aurkariren kontra lehiatu behar izatea ez da erraza eta kontutan hartuta jardunaldi batean gainera atsedena hartzen duzula, zortea alde izatea derrigorrezkoa da azken postuetara ez murgiltzeko. Lehen bi jardunaldietan aurpegia eman zuen Iker Buenoren taldeak baina azken jardunaldian, seguruenik txapelketako talderik indartsuenaren kontra, ez zuen maila eman Iraurgik. Horren ondorioz sailkapeneko azken postuan dira ISBkoak eta aurreko asteetako txar guztia ahaztu eta azken postuetatik lehenbailehen ihes egiteko nahiarekin bidaiatuko dute Katalunia aldera.
CB Prat talde beteranoa da Feb ligetan, baina beti jokatu du jende gaztearekin. Joventuten bigarren talde modura funtzionatu eta gazte mordo bat hezi eta hazi izan dituzte ACBra igo aurretik euren lehen pauso profesionaletan. Azken urteetan 15 jokalaritik gorak eman dute lehen mailetara saltoa bertatik. Hori da euren bertutea, baina noski, Carles Duranen taldeak gaztetasunarekin lan egin beharrak ematen dituen arazoei ere aurre egin behar izaten die. Horregatik noizean behin beteranoren bat ere fitxatu dute talderako. Iaz “Piru” Ros fitxatu zuten, aurten Iraurgin jokatzen egon zen Victor Serrano pibota. Hala ere, normalean protagonismoa Alberto Abalde, Joonas Caven edo Agustí Sans bezalako jokalariek hartuko dute. Hori bai orain arte jokalari baloratuena 17 urteko Montenegroko Zoran Nikolic pibota izan da. Bi neurketa irabazi dituzte oraingoz, baina urtero moduan behetik gora joango den talde bat izango dela espero da.
Batez ere mentalki errekuperatu beharra dauka Iker Buenoren taldeak. Euren jokoan konfiantza eta identitatea berreskuratu beharra daukate jokalariek. Horretarako onena garaipena behingoz lortzea omen da eta helburutik gertuago egongo dira Azpeitia Azkoitia ISBko jokalariak, lehen bi jardunaldietan erakutsitako jokoa hartzen baldin badute eredu modura.
Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:
- Taldeak bere mailarik onena eman ez eta jipoi galanta jasan eta gero, onena lehenbailehen beste neurketa bat edukitzea al da?
“Erritmoa hartzeko ezinbestekoa da partiduak jokatzea eta azken partidua galdu ondoren berehala hasi gara hurrengo partiduarekin pentsatzen. Gaizki eginikoa ikusi eta hobetu eta aurrera jarraitu behar dugu. Jada ez du balio aurreko astekoak, eta buru belarri Praten aurkako partida prestatzen dihardugu, aurreko astean eginikoarekin pentsatuz ezinezkoa baita taldeak aurrera egitea.”
- Egoerari buelta emateko, konfiantza berreskuratzea izan daiteke gakoetako bat?
“Egoerari aurre egiteko modu bakarra lanean jarraitzea eta taldeak lan horretan eta beregan sinestea da. Nik ez dut egiten ari garen lanarekin konfiantza galdu eta emaitzak lan horrek ekarriko ditu. Egunero-egunero lan bikain bat egitea izan behar du gakoa, bakoitzak ahal duen guztia eman eta horrela iritsiko dira garaipenak. Ez gara soilik garaipenean itsutu behar baizik eta egunero gure lana hobeagoa izaten, eta talde bezala zein indibidualki progresio bat edukitzea izan behar dugu buruan. Garaipenak iritsiko dira.”
- Prat garaipen eder bat lortzetik dator, baina etxean ez omen dabil horren sendo.
“Egutegia medio, Praten kasuan hiru jardunaldi etxean eta bat kanpoan jolastea tokatu zaie eta ez dut uste alderik dagoenik etxean zein kanpoan jolasten duenean. Talde gaztea izanik, anbizio berdina erakusten dute, bai etxean eta bai etxetik kanpo jokatzen dutenean. Besoak inoiz jaisten ez dituzten horietakoak dira, eta aste honetakoa ere, dudarik gabe, partidu gogorra izango da. Talde gaztea izan arren kalitate askoko jokalariak ditu eta beraien filosofia mantentzen dute bai etxean eta bai etxetik kanpo.”
- Kataluniarren jokalari gazte asko lehen taldera gora eta behera dabiltza. Hori ona al da jokalariarentzat?
“Entrenatzaile guztiok nahi ditugu ahal ditugun jokalari guztiak gurekin izan astean zehar baina txapelketa hauek gazte horiek eliterako jauzia emateko balio izan behar dute eta jokalariek ACB ligako taldearekin entrenatzera eramatea noski dela positiboa jokalarientzat, maila eta exijentzi altuagoko entrenamenduak egiteak beraien garapena hobeagoa izatea lortuko baitu. Beraien eboluzioan ezinbesteko da ACBko taldearekin entrenatzen ibili eta gero minutuak izango dituzten kalitatezko txapelketa batean jokatzea eta lehiatzea, jokalariak lehiaketa beharrezkoa duelako bere osotasunean hazteko. Eta ez kataluniarren kasuan soilik, guk ere hor ditugu Xabier Oroz eta Xavier Assalit esate baterako ACBko taldearekin entrenatzen.”