Lehenaren atzetik bigarrenaren bila

Azpeitia Azkoitia ISBk, larunbatean 19:30tan, Marin Peixegalegoren kantxan jokatuko du denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko asmoz.

Argazkia: Albert Homs saskira jaurtitzen (Peixegalego.com)

Argazkia: Albert Homs saskira jaurtitzen (Peixegalego.com)

LEB Plata. Lehen garaipena iritsi zen pasa den astean, kezkaz betetzen hasia zegoen zakua pixka bat arintzeko balio duen garaipena. Batetik Grupo Eulen Carrefour El Bulevar de Ávila taldearen aurka, bigarren zatian Azpeitia Azkoitia ISBk sekulako erakustaldia emanda, bere indarraren berri emateko kapaz izan zelako; bestetik, lehen garaipenak konfiantzaz bete dituelako jokalariak eta ikusi dutelako dakiten jokoa aterata edozeini aurre egiteko kapaz direla. Horregatik, lehen garaipenaren atzetik, bigarrena eskuratu nahi dute Iker Buenorenek.

Marin Peixegalego biharko aurkaria, ligara etorri berria izanagatik hiru garaipen batu ditu dagoeneko. Galiziarrek jokalari beteranoak etorkizuna izan dezaketen jokalariekin uztartu dituzte. Hiru dira erreferentzia nagusiak: Joseba Aranburu gipuzkoarra, taldeko jokalari baloratuena, pibot gogorra eta errebotatzaile ona izateaz gain, taula azpian gutxitan huts egiten duena; Lucho Fernandez, beteranoetan beteranoenak, ACBn borrokalaria zela erakutsi baldin bazuen, FEB ligetan bere kalitatearen berri eman izan du, batez ere hiruko jaurtiketei dagokienez; baina batez ere Albert Homs izango da gertutik jarraitu beharreko jokalaria. Joventuteko harrobiko harribitxietako bat da Homs eta azken urtean atzerapausoa eman duela badirudi ere sekulako kalitatea duen jokalaria da kataluniarra. Horregatik fitxatu zuen Endesa ligako Rio Natura Monbus Obradoirok eta Marinen utzita laga. Minutuak edukita bere joko onena berreskuratzen hasi da eta kontutan hartuta kanpoko jokoan edozein postutan ondo mugitzen den gizona dela Lander Lasak, Ander Arrutik eta konpainiak lana franko izango dute.

Azpeitia Azkoitia ISBk argi dauka, partiduari erritmo bizia jarri beharko diola garaipena lortzeko aukerak eduki ahal izateko. Identitatea berreskuratzen hasita, konfiantzan beste aurrerapauso bat ematea da helburua orain bigarrena poltsikoratuta.

Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:

- Astelehenek beste kolore bat al dute garaipenaren ondoren?
“Astelehenak astelehen izaten jarraitzen du. Hala ere, argi dago asteburuan emaitza ona izateak eragina duela taldearen animoan, kontutan hartu behar baita lehen garaipena lortzea kosta egin zaigula eta bi partidu luzapenean galdu ditugula. Garaipenak aurrera egin eta lanean gogor jarraitzeko balioko digu, motibazioa mantendu eta hurrengo partida buru belarri prestatzeko.”

- Zaleek asko disfrutatu zuten taldearen bigarren zatiarekin. Jokalariak aurrerapausoak ematen hasi direla esan daiteke?
“Jokalariak entrenamenduz entrenamendu hari dira aurrera pausuak ematen, eta hala jarraitu behar dugu, baina ez dut garaipenagatik soilik esaten, Castellonen aurkako etxeko partiduan ere gauzak ongi egin genituen, Prateko partiduan ere bai. Hala ere, beti dago zerbait hobetzeko eta taldeak bai indibidualki zein talde bezala aurrera egiten jarraitu behar du, akatsak hobetu eta egunero zerbait hobeagoak behar dugu nahi izan. Ezin gara konformatu igandean egindako partiduarekin, hori izango litzateke gure akatsik okerrena.”

- Bolada onaren hasiera izan daiteke hau?
“Urte hasieratik diot oso txapelketa parekatua dela eta partida bakoitza oso ezberdina izango dela, baina ziur nago taldeak bere izaera eta intentsitatea mantentzen baldin badu partidu guztietan izango garela lehiakorrak eta hori da bide bakarra garaipenak lortzen jarraitzeko. Goiz da boladez hitz egiteko, Marinen aurkako partiduan hari gara bakarrik pentsatzen, gure helburua bertan irabaztea baita. Kontutan izan behar dugu partidu zail baten aurrean gaudela eta lan bikaina egin beharko dugula bigarren garaipena lortzeko.”

- Marinek esperientzia eta gaztetasuna ondo uztartu dituela dirudi. Baina zein da bai edo bai gelditu beharreko jokalaria? Lucho Fernandez, Homs, Aranburu...
“Jokalari batekin itsutuz gero zaila izango da partida irabaztea. Beraien barruko jokoa gelditzea garrantzitsua izango da, bai Lucho Fernandez, Joseba Aramburu edo Rapier ondo baino hobeto jolasten hari baitira. Horregatik errebotean ere lan ona burutu beharko dugu. Baina ezin gaitezke Albert Homs, Dario Suarez edo Manuel Ferreirorekin ahaztu. Gure abantailak aurkitzen jakin eta guk nahi dugun erritmoa jartzea oso garrantzitsua izango da.”

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide