Ike Okoye Otsaileko pibot onena Zilarrezko LEB ligan

Ike Okoye denboraldia hasita heldu zen Azpeitia Azkoitia ISBra, Iker Buenoren taldeak taula azpian zituen gabeziak konpontzeko gogoz eta orduko 0 garaipen eta 4 porrot balantzeari lehenbailehen amaiera emateko asmoz. Taldera moldatzea pixka bat kostatu bazaio ere, behetik gora dator Nigeriako pasaportea duen estatubatuarra. Eta eman dezakeenaren berri otsailean zehar erakutsi du.

Pasa den hilabetean jokatu dituen hiru neurketetan 20,3ko balorazioa lortu du bataz beste eta horri esker, pibotik onena izaten amaitzeaz gain, ligako laugarren jokalari baloratuena izaten amaitu du baita ere. Zenbaki bikoitzetan ibili da jardunaldiz jardunaldi, 17'7 puntu sartu dituelarik neurketako eta 10 errebote eskuratu. Horrez gain, baloi bat lapurtu du eta 2'3 falta egin dizkiote bataz beste kantxa gainean egon den 22 minutuetan. Urtarrilera arte lortu dituen zenbakien bikoitza da berez.

Solobasket.com web orriak, Iker Buenorekin hitz egin du Azpeitia Azkoitia ISBko jokalaria bosteko onenean sartu bezain pronto, eta Iraurgiko entrenatzaileak zera adierazi du Ike Okoyeri buruz: "Kantxaren bi aldeetan errebotean laguntzen digun jokalaria da. Defentsan kontrarioa beldurrarazteko kapaz da eta horrek asko laguntzen digu atzeko lanean. Erasoan berriz, saski ondoan jokaldiak amaitzeko gaitasun handia dauka, posizioa ondo irabazten duen jokalaria baita. Distantzi erdiko jaurtiketa nahiko ona dauka eta pick&roll-a bikain jokatzen du".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide