Laugarren amaituta, disfrutatzen segitzeko garaia

Zurt ISBko jokalariak.

Lauko Finalaren atarian, 35 eta 53 irabazi zuen Zurt Taberna ISBk Banco Mediolanumen aurka ligako azken jardunaldian.

Aurreko jardunaldian, Lauko Finalerako matematikoki sailkapena lortu eta gero, txapelketa hori ahalik eta hobeen prestatzea dute helburu Zurt Taberna ISBko neskek. Horregatik, batek baino gehiagok pentsa zezakeen asteburu honetan jokatu beharreko neurketak ez zeukala apenas garrantzirik eta gainera momentu ez-aproposean iristen zela. Baina Banco Mediolanum azken sailkatuari egin beharreko bisitak bazuen bere garrantzia: irabaziz gero, laugarren postuan amaitzeko aukerak edukiko lituzkete Joseba Lizarralderen neskek; eta, modu horretara, Lauko Finalean anfitrioia izango den Leioa saihestuko lukete final-erdietan.

Horregatik, arazo txikienetik ihes egin eta lehenbailehen partidua puskatzeko nahiarekin irten ziren kantxara. Etxekoen zonakako defentsa bikaina apurtzen jakin izan zuten, barruan erraz jokatuz eta kanpotik behin eta berriz asmatuz. Lehen laurdenean 16 puntuko aldea zabaldu zuten eta, hortik aurrera, partidua erabakita zegoela ikusirik, lasai jokatu, lesioak saihestu eta gutxika-gutxika aldea zabaltzen joan ziren, amaieran 35 eta 53 irabazten amaitzeraino. Garaipen honek gainera azkenean laugarren amaitzea ahalbidetu zien, izan ere, Donosti Basketek Atco. San Sebastianen aurka galdu egin zuen eta Iraurgi SBkoek hauen aurretik amaitu zuten.

Datorren astean, denboraldi bikainari saria emango dion Lauko Finala jokatuko dute, beraz, Zurt Taberna ISBko neskek. Batzuentzat denboraldiko momenturik garrantzitsuena litzateke, baina helburuak guztiz beteta dutenentzat, disfrutatzen jarraitzeko momentua da. Lehiari uko egin gabe, duten saskibaloi guztia kantxan aterata, baina egiten dutenarekin disfrutatu eta ondo pasatzeko unea. Leioako kantxan Zurt zale asko bilduko direlakoan, Iraurgi SBren familia guztiaren laguntza izango dute Joseba Lizarralderen neskek.

 Saskiratzaileak: (4-20/10-17/8-15/13-11)

BANCO  MEDIOLANUM: Muruaga (10), Blanco, Sanchez (2), Landa (11),  Sorarrain (4), Lopez (2), Ladislao, Beldarrain (4), Rodriguez, Sanz, Uriarte (2).

ZURT TABERNA  ISB: Garazi (13), Sara (3), Irati (6), Maite Zubizarreta (7), Intza Lizarazu (18), Maite Lizarazu, Maitane (7), Itsaso (9), Naroa

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide